Uztapide Bertsolaria kalea zabalduko dute, autobusa pasatu ahal izateko
Dena ondo bidean, laster Uztapide Bertsolaria kaletik ikastetxeko autobusa pasatuko da. Atzo Tokiko Gobernu Batzarrak ohiko bilkura egin zuen eta kalea berrantolatzeko obrak esleitu zituen. “Larreaundi auzoarekin eta Eguzkitza eta Toki Alaia ikastetxeekin hartutako konpromisoaren emaitza da hau”, azaldu dute Irungo Udaletik.
Ermita eta Alzukaitz kaleen arteko errepidean autoak pasatzen dira, baina autobusak pasatzeko estuegia da kalea. Hori horrela, 3,50 metrokoa izatera pasatuko da (orain 3,15 metro ditu). Errepidea zabaltzeko lanetan sei farola kenduko dituzte eta beste aldean jarri.
Urbycolan SL enpresa arduratuko da Uztapide Bertsolaria kalea berrantolatzeaz, 54.697,05 euroko aurrekontuarekin. Obrak gauzatzeko lau asteko epea izango du, behin betiko zuinketa akta sinatzen den momentutik aurrera.