Ama Guadalupekoak Hondarribiko eta Orioko jaitsieretan erakutsitako maila berretsi nahi du
San Jose jaiekin batera, Astilleroko XXI. San Jose Saria izango da jokoan El Astilleron (Kantabria, Espainia) bihar, larunbatarekin, eta Hondarribia Arraun Elkarteak bi traineru eramango ditu bertara. Horiez gain, aulki mugikorreko ontziarekin ere bidaiatuko dute hondarribiarrek, pistako txapelketa ere egingo baitute. Pistako lehiaketan hiru zortziko lehiatuko dira bakarrik, Hondarribia, Bermeo eta etxeko ontzia, Astillero, eta horietako batentzat izango da San Jose Sariko bandera. Izan ere, bandera irabazteko bi modalitateetan parte hartu behar da, traineruan eta aulki mugikorrean.
Estropada berezia da Astillerokoa, aulki finkotik eta mugikorretik duelako, bietatik. Hala, ontzi guztiek, traineruek eta 8+ek, igoera egin behar dute lehenengo. Aulki mugikorrekoek 4 kilometroko ibilbidea egingo dute eta traineruek 5ekoa, laugarren kilometroan izango den helmugatik pasatu eta 500 metrora jarriko duten ziaboga hartu beharko baitute, helmugara itzultzeko.
Eta ondoren sprint proba egingo dute aulki mugikorreko hiru ontziek eta igoeran sailkatutako lehen hiru traineruek.
Bost sari jokoan
Proba bakoitzak bere garaile propioa izango du, bi modalitateetan lehiatu ala ez. Guztira bost sari banatuko dituzte bihar: bi igoeran (traineru eta 8+ onenei), beste bi sprint modalitatean eta azkena, proba konbinatuan.
Konbinatuan irabazteko, noski, bi modalitateetan parte hartu beharko dute klubek, eta hori Hondarribiak, Astillerok eta Bermeok baino ez dute egingo. Bi modalitateetako igoera proban ontziek klub bakoitzeko ontziek egindako denboren batuketa eginda, denbora gutxien duenak irabaziko du San Jose bandera.
Ohiko estropadak ikusten ohitua dagoenarentzat konplikatu samarra dirudi baina, edonola ere, arraunketa lehia erakargarria da bihar Astilleron jokatuko dutena. 17:30ean hasiko da proba, 8+ekoen igoerarekin.