Garikoitz Lekuona: "Belen"
Zenbat eta zenbat Belen gure inguruan!Ezagutzen duzu baten bat? Segur aski!
Nire Beleni ordu txikietako ate sarrailaren hotsa lasaigarri zaio eta amets goxorako atea zabaltzen dio. Nire Beleni, zenbait gazteren auto istripuaren berri izatean, sabela modu mingarrian uzkurtzen zaio eta ezagutzen ez dituen gurasoen samina senti dezake. Nire Beleni seme-alabek gizartea aldarazteko duten ilusioa eta determinazioa harro sentiarazten diote, baina baita alarma gorria buruan pizten.
Nire Belen, ibai ertzetako harresiak bezala, seme-alaben etengabeko emozio gorabeherak eusten eta ur lasaiagoetara bideratzen saiatzen da. Baina urak bere bidea egiten du, askea da, eta batzuetan harresiak pitzatu edota gainditu egiten ditu ere. Ur uholdeen antzekoak baitira nerabezaro eta gaztaroetako urteak. Eraikitzen ari diren ideiak, lerro lodiz marrazten hasiak diren izaerak, abiadura berezia ematen diote guztiari eta gogor ekinda ere zaila izaten da guraso izatea, guraso bezala zer egin behar ote den jakitea eta guraso izaten asmatzea.
Nerabezaroa eta gaztaroa ilusioz bizitzeak berekin dakar, estuki lotuta, askatasunerako grina; eta askatasun grina horrek, aske izateko eta askatasunean bizitzeko determinazio horrek, bide eginarazten die gazteei. Eta bide egite horretan sor daitezken bizipen guztiak norbaitek modu berezian eta sentituan bizitzen baditu horiek gurasoak dira.
Gaztetasuna graduazio handiko koktel indartsua da; batzuetan, batzuentzat, digeritzeko zaila izaten dena eta esperientziaren bidetik edaten ikasi beharrekoa. Batzuetan biharamuneko buruko mina eragiten duena eta beste batzuetan betiereko edota atzera bueltarik gabeko ondorioak. Izan ere, gazteontzat bezperek eragiten duten eferbeszentzia izugarria den bezala, gurasoentzat biharamuna izaten da aurreikusi beharrekoa eta bi momentuen arteko tartea, oraina, adostea izaten da zailena.
Garaian garaiko gaztaroak izaten dira, baina batzuk bereziki lazgarriak. Idazten dudanaren adibide izan daiteke heroinaren kontsumoaren eraginez hildako milaka gazteak. Edo gatazka politikoaren kariaz kartzelaratuko gazteak. Edo gurasoengandik, nahiz hurbilenengatik inoiz ulertuak sentitu ez diren homosexualak edota gazte zonbiak.
Gogoan dut Belenek behin batean bere etxe atarian aipatutakoa. Hitz debekatuak saihestuz bere beldur potoloenak irudikatu zizkidanekoa. Nik, ahal nuen neurrian, ahalik eta hitz egokienak aukeratuz, orainean soilik zentratuz, lasaitu arazten saiatu nintzen. Nork berak bere bidea egin beharraren garrantziaz mintzatu nintzaion, nork berak bere barne suaren garrak doitzen ikasteko beharraz filosofatu nintzaion. Eta badakit ulertu zuela esan nion guztia, baina ez dut uste nik berak une horretan sentitzen zuena ulertu nuenik.
Goiz batez, telefono dei batek lehenik, komunikabide guztiek ondoren, dena ulertarazi zidaten. Errudun sentitu nintzen. Ez gertatutakoagatik, baizik eta jada atzera bueltarik ez zuen egoerak eragin zezakeen inpotentzia eta samina ez aurreikusteagatik.
Eta orain beste batzuk dira gazteak, beste batzuk nerabezaroan daudenak. Energia ez omen da desagertzen, egoera berrietara egokitzen baizik eta horregatik, gazteen energia etengabe eraldatzen doa, egokitzen eta aldatzen doa.
Horren adibide Ernai gazte ezkertiar eta abertzaleen erakunde berria. Lehen Jarrai, Gazteria, Haika eta Segi izan baziren, orain Ernai. Bestelako egoera politiko batean sortutakoa, baina oraindik ere gazteak epaitu eta kartzelaratzen dituzten garaian.
Ernaiko kideen gurasoek izango al dute sikiera loa kenduko dien kezka bat gutxiago?