Espainiako txapelketetarako lehen judoken izenak ezagutarazi dituzte
Aste honetan eskolarteko Espainiako Judo Txapelketan parte hartzeko aukera ematen duen rankina ezagutarazi dute eta bertan Hondarribiko Ama Guadalupekoa taldeko lau kirolari ageri dira. Amets Sarasua (-70 kilo) eta Aitor Goikoetxea (-42 kilo) lehen postuan, Lidia Yarza (+70 kilo) bigarrenean eta Iker Otegi (-66 kilo) laugarren lekuan.
Laurek Espainiako Eskolarteko Txapelketan lehiatzeko aukera izango dute. Horiez gain, Amako beste kirolari batzuek apirilean egingo diren Euskadiko Txapelketan lor dezakete estatukorako sailkapena.
Iruñean Yarza bai, baina Sagarzazu ez
Joan den asteburuan 21 urtez azpikoen Espainiako Judo Txapelketako Ipar Sektoreko probak egin zituzten Iruñean. Pisu bakoitzeko lehen bi sailkatuek Espainiako Txapelketan lehiatzeko txartela lortzen zuten eta Hondarribitik, Ama Guadalupekoa taldeko Aritz Sagarzazu eta Lidia Yarza zeuden izena emanda.
Sagarzazu -60 kiloetan aritu zen. Lehen urtea du kategorian baina faboritoetako bat zen. Halere, hirugarren konbatean Aragoiko ordezkariaren kontra huts egin zuen eta multzoko bigarren geratu zen. Finalerdia ere galdu zuen, Huarte nafarrarekin, eta hirugarren sailkatu zen, estatuko txapelketara joateko aukerarik gabe —aurretik geratu diren bietako batek uko egiten badio joango da, lehen erretserba baita—.
Lidia Yarza ez zen lehiatu, Lezoko Euskadiko Txapelketan gertatu bezala bere pisuko aurkaririk ez zegoelako Iruñean. Horregatik, pisaketan parte hartu zuen soilik. Yarzak 21ez azpiko Espainiako Txapelketan izango da, -70 kiloetan; iaz zilarrezko domina lortu zuen eta aurten emaitza hori berretsi edo hobetu nahi du, nahiz eta adinez oraindik kadetea den.
Aste honetan nagusien Espainiako selekzioaren entrenamenduan parte hartzen ari da Yarza, Madrilgo Goi Errendimenduko Zentroan. Urtarrilean gonbidatu zuten lehen aldiz eta, aste honetarako deitu dute berriro. Asteazkenean hasi zuten stage-a eta igandera arte luzatuko da. Errusiako taldeko selekzionatzaile Vitali Makaroven aginduetara ariko da Yarza gaztea, estatuko nagusien mailako judoka onenekin batera.
Coimbran eta Hernanin
Larunbatean 21 urtez azpikoen Europako Kopa jasoko du Portugalgo Coimbra hirian eta bertan Aritz Sagarzazu izango da, -60 kiloen pisuan dominen bat lortu nahian. Maila handiko txapelketa da Coimbrakoa. Besteak beste, Espainiako Estatuko zortzi kirolari borrokatuko dira Sagarzazuren pisu berean. Gainera, Iruñeako proban gertatutakoa egun txar bateko kontua izan zela erakutsi nahi du Sagarzazuk. Ronaldo Veitia entrenatzaile kubatarrak bidaiatuko du hondarribiar gaztearekin.
Eta igandean, Haurren Mailako Gipuzkoako Judo Txapelketa egingo dute Hernaniko udal kiroladegian. Hondarribitik lau kirolari lehiatuko dira bertan, apirilean egingo den Euskadiko Txapelketan aritzeko txartelen bila: Maialen Alza(-40 Kg), Igor Zendon (-38 Kg), Genji Gwan (-55 Kg) eta Leandro Veitia (-66Kg). Haiekin Ronaldo Veitia entrenatzailea eta Ander Goikoetxea klubeko delegatua joango dira Hernanira.