Hendaia Euskarazen barruan hainbat ekitaldi izango dira asteburuan
Hilabetearen erdian da Hendaia Euskaraz ekimena eta asteburu honetarako ere hainbat ekitaldi prestatu dituzte. Larunbatean bi ekitaldi izango dira. Bata Hendaiako Ikastolak antolatuta eta bestea Mugati elkarteak.
Ikastolak Ipuin mugalariak izeneko ibilaldia prestatu du. Amicale Laique elkartean hasi (17:00etan) eta herrian zehar hainbat ipuin entzun eta gero, Merkatu Zaharrean elkartuko dira haur zein heldu aperitifa-krakadaz gozatzeko. Eguraldi txarra eginez gero, ekitaldi guztia Merkatu Zaharrean egingo dute.
Mugati elkarteak Mari Luz Esteban antropologoaren hitzaldia antolatu du. 18:00etan izango da, Mediatekan. Agur emakumeari hitzaldia emango du eta emakumea biologiaren inguruko zientziek eta feminismoak nola kategorizatu zuten aztertuko du. Sarrera dohainik da.
Igandean, berriz, Udaberriko Besta izango da Akelarre elkarteak antolatuta eta horren haritik Pirritx, Porrotx eta Marimototsek Sentitu, pentsatu, ekin! euren azken ikuskizuna eskainiko dute. Udaberri Besta 11:00etatik aurrera izango da Daniel Ugarte pilotalekuan. Txartelak Hendaiako Turismo Bulegoan (Itsas Etorbidean) eta Irungo Oskarbi liburu-dendan (Kolon pasealekuan) eros daitezke 7 euroren truke.