Euskadiko Federazioa bigarren geratu zen Granadan, hondarribiarren puntuei esker
Ama Guadalupekoa Judo Taldea lehen postua lortu du eskolarteko Espainiako Borroka Txapelketan, maila guztietan azken hilabete eta erdian egindako lana biribilduz. Guztira, hemezortzi domina lortu dituzte Hondarribiko taldeko bi modalitate horietako estatuko txapelketetan. Kontuan izan behar da, gainera, Ama Guadalupekoako kirolari gehienak ez direla borrokan soilik aritzen, are gehiago, judoaren praktikaren osagarri baliatzen diztute sambo eta borroka entrenamenduan.
Daniel Palavecino argentinarra da Amako kirol zuzendaria eta, bera ere, judoaren eta borrokaren artean banatzen du bere entrenatzaile lana. Berak bidaiatu du Espainiako Txapelketetara eta, bereziki, txikienek lortutako emaitzengatik agertzen du poza.
Judo taldea da Ama Guadalupekoa, baina sambo eta borroka modalitateetan ere aritzen dira kirolariak. Denek praktikatzen al dute denetik?
Taldeko kirolari gehienek hiru kirolak egiten dituzte. Hala, lehiatzen direnak guztira 40 dira, eta horietatik 36k lortu dute dominen bat judo, borroka edo sambo txapelketetan. Txikitan judo egiten hasten dira eta, lehiatu nahi dutela erabakitzen badute, orduan hasten dira sambo eta borroka modalitateetan ere entrenatzen, judoaren osagarri bezala.
Zer ematen dio judokari sambo edo borroka praktikatzeak?
Duela urte batzuk judoko araudiak aurkariari hanketatik heltzea permititzen zuen. Orain ez da horrela eta kirol modalitateen arteko desberdintasunak handiagoak dira, baina gure iritziz oso komenigarria da haurrek lehiaketa oso gogorretan trebatzea, sambo eta borrokan lehiatzea. Gainera, horrek aukera ematen digu kirolari bat edo beste borrokan edo samboan espezializatzea, Amaia Curielek eta Ander Palavecinok egin duten bezala; borroka modalitatean aritzeagatik eta lortu dituzten emaitzengatik aurten Kirolgi beka jaso dute biek.
Urteko Espainiako Txapelketak bukatu dira, sambo zein borrokan, maila guztietan. Zein balantze egiten duzu?
Oso positiboa, estatuko txapelketetan dominak lortzen jarraitzen dugulako. Iaz rankineko zortzigarren postuan geratu zen Ama Guadalupekoa, 73 talderen artean, eta aurten izandako emaitzekin postu hobea lortuko dugu. Hemezortzi domina lortu dituzte gure kirolariek. Entrenatzen denbora asko ematen dute eta asko zaintzen dira; esfortzu handia egiten dute eta lortutako emaitzak benetan merezitakoak dira.
Eskolarteko mailan taldeka lehen postua lortu du Ama Guadalupekoak berriro.
Ez nuen espero, bakarrik bost haurrekin joan ginelako, baina Granadan izugarrizko maila eman zuten eta hirugarrenez lortu dugu estatuko taldekako urrea. Borroka batzuk oso gogorrak egin zitzaizkien, gure kirolariak ez direlako borrokan bakarrik entrenatzen, eta borrokan bereizitako kirolarien kontra aritu behar izan zutelako. Dominarik lortu gabe ere, pozik geratuko nintzateke. Denek ehuneko ehuna eman zuten eta, hortaz, ezin zaie gehiago eskatu».