Gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko eta azken horien hizkuntz ohituretan eragiteko Kuadrillategi egitasmoa abiatuko dute bihar Lezon. Egitasmoa aurkezteko gaur eguerdian egindako agerraldian 12 eta 15 urte arteko 73 gaztek izena eman dutela zehaztu du Joxe Mari Iraolak, Lezoko Udaleko hizkuntza dinamizatzaileak: “Pasaia Lezo Lizeoan eta Lezo Institutuan eman dute izena gazteek eta jasotako erantzunarekin pozik gaude, arrakasta handia izan duela uste dugulako”.
Bihartik hasita eta ekaina bitartean ostiralero bilduko dira egitasmoan parte hartuko duten gazteek. Euskara eta jolas giroa ardatz hartuta, bi orduko saioak egingo dituzte hiru taldeetan banatuta, mailaren arabera, Nerea Gonzalez Lasarte-Oriako Ttakun euskara elkarteko kide eta Kuadrillategiko koordinatzaileak azaldu duenez. “Bi begirale ariko da talde bakoitzean, horietatik batzuk lezoarrak izango dira eta besteak, berriz, oarsoaldekoak”, gaineratu du.
Udalak euskararen alde duen konpromisoa erakutsi nahi duela Kuadrillategi egitasmoa bezalakoak abian jarrita esan du bestalde Mikel Arruti Euskara eta Kultura zinegotziak: “Orain arte euskararekiko konpromisotik egin dugu lan, euskara berreskuratzeko benetako aurrerapausoak emateko borondatearekin, eta ekimen hau norabide horretan egindako beste urratsa da”.
Gaur Andoaingo Martin Ugalde parketik abiatuta datozen hamar egunetan Euskal Herri osoa zeharkatuko duen Korrikari aipamen berezia egin dio amaitzeko Arrutik, eta euskararen aldeko konpromisoarekin jarraitzeko asmoa berretsi du, “tipi-tapa, tipi-tapa pixkanaka-pixkanaka euskaraz bizi den herria izan nahi dugu eta hori lortzeko pausuak ematen jarraitu nahi dugu” .