Sortu: "Pasaitar baten ustezko erosotasunak ez du zubietar baten minbizia merezi"
Pasaiako Sortu, aurten atez atekoa Donibanen jarriko dutelako pozik dago. Horregatik, Pasaiako Udaleko gobernu taldearen erabakia zoriondu du, eta gonbita egin dio “laster” herriko beste barrutietan ere atez atekoa jartzeko, “bigarren mailako pasaitarrik egon ez dadin”. Hori lotu du Sortuk Zubietako balizko errauste plantarekin, eta ezker abertzaleko alderdiaren ustez atez ateko politikak ez garatzea errauste plantaren alde egitea litzateke: “Pasaitar baten ustezko erosotasunak ez du zubietar baten minbizia merezi”. Hori esateko San Markoko zabortegiaren adibidea jarri du Sortuk, “guk pairatutakoa ez diogu inori opa”, eta kutsadura eragiten zuten lantegien harira gogora ekarri ditu Donibaneko termikoa, “txatarra erradiokatiboa biltzen duen portua”, eta zabortegia bera.
Sortuk gogorarazi du atez atekoa Pasaian ezartzeko erabakiaren oinarria 2012ko maiatzaren 4ean egin zen Udalbatzatik datorrela, “gehiengo osoz Udalbatzak erabaki zuen %70 birziklatuko duen sistema ezartzea. Bai, gehiengo osoz”. Eta horren harira EAJren jarrera kritikatu du: “Harriduraz irakurri dugu EAJren ‘marka txuriak’, ustez garbiak, herriko alkatea erabaki plenario bat ez betetzeko eskatzen ikustea”.
Udalak iragarri zuen Donibanen atez atekorako egin behar den inbertsioa 2012ko aurrekontuetatik gelditu den soberakin batekin egingo duela. Hori kritikatu dute Pasaiako oposizioko alderdiek. Horren harira, Sortuk uste du “kontuetan gerakinak izatea min” egiten diela gainontzeko alderdiei, eta leporatu die udalaren egoera ekonomiko zaila “lau haizetara” zabaltzea: “Errealitatea, baina, oso bestelakoa da. Ezker abertzaleak bai, ongi kudeatzen du zuen alderdiek egoitza nagusietatik ekonomikoki ito nahi duten herria. Horregatik ez gaude zulo beltzean, horregatik egiten dugu aurrera, eta horregatik du udalak atez ateko sistema ezartzeko behar den lehen inbertsiorako diru nahikoa. Gezurretan ari zarete, gezur ustela baita atez ateko sistema beste edozein baino garestiagoa dela esatea. Egon lasai, hori ere demostratuko dizuegu eta”.