Sei urteko kartzela zigorra, 2011 xanistebanetan gazte bat erasotu zuen mutilari
Sei urteko kartzela zigorra ezarri zioten atzo 20 urteko mutil bati Gipuzkoako Auzitegian, 2011ko xanistebanetan beste gazte bat erasotzeagatik eta Ertzaintzaren kontra egiteagatik (urtebete eraso sexualagatik, bi urte gazteari eragindako zauriengatik, eta hiru urte agenteen kontrako atentatuagatik). Akusatua, konforme agertu zen Fiskaltzak eta akusazio partikularrak (erasotuak) egindako eskaerekin, eta epai hori eman zuen epaileak.
2011 urteko xanistebanetan, abuztuaren 4an, kondenatua beste gaztea bortxatzen ahalegindu zen. Gazteak kontra egin zion erasotzaileari, eta borrokan hasi ziren. Erasotzaileak laban batekin ere zauriak egin zizkion biktimari, eta kolpeen ondorioz kontzientziarik gabe utzi zuen. Momentu hori baliatu zuen kondenatuak beste gaztea zutabe bati lotu eta ihes egiteko. Horrez gain, NANa eta kreditu txartela lapurtu zizkion.
Taxi bat hartu zuen, baina ez zuen ihes egitea lortu, Ertzaintzak atxilotu baitzuen. Atxilotu baino lehen, ordea, Ertzaintzaren autoa kolpatu zuen, eta agenteen kontra egin zuen. Lau ertzainek geldiarazi zuten, azkenean.