Errenteriako Ingurumen Aholku Kontseiluko Hondakinen Taldeak hondakinen gaia lantzeko bi mahai inguru antolatu ditu asteburura begira. Lehenengoa etzi izango da (hilak 15) Beraungo Auzo Elkartean, 19:00etatik aurrera eta bigarrena hilaren 20an, Reina Aretoan, ordu berean.
“Beharrezkoa ikusten dugu gaia modu neutroan plazaratzea, herritarrak inplikatu eta sistemaren aldaketak zer suposatzen duen jakinaraztea”, adierazi du Errenteriako Hondakinen Taldeak. Hori horrela, ikuspegi kontrajarriak dituzten hizlariak izango dira aurrez aurre. Joxe M. Irazusta eta Ainhoa Arrozpide Zero Zaborreko kideak izango dira batetik, eta Patxi Amantegi eta Olatz Peon Atez ateko bilketaren aurkako plataformakoak, bestetik.
Urritik abian
Errenteriako Ingurumen Aholku Kontseiluko Hondakinen Taldea iazko urrian hasi zen martxan, herriko hondakinen arazoarik “herritar guztien artean”, irtenbidea eman nahian. Taldeko kideak hilean hainbat alditan elkartzen dira eta gaiaren inguruan hausnarketa egiteaz gain, hurrengo pausoak zeintzuk izango diren aztertzen dute.
Guztira hamalau bilera egin dituzte bizilagunekin eta taldearen iritziz, “saio guztietako ekarpenek, kezkek eta zalantzek oso argi uzten dute hondakinei dagokienean, gure herrian aldaketa bat beharrezkoa dela. Era berean, hondakinen bilketa eta kudeaketari buruzko informazio garbia edukitzea oso garrantzitsua dela iruditzen zaigu, batez ere, Gipuzkoan gai honek jasaten duen nahaste politikoa gainditzeko”.
Informazio gehiago nahi duenak, 943 49 22 15 telefono zenbakira dei dezake edo mezu elektroniko bat
idatzi.