Rentokseko kadeteek aukera bikaina daukate Gipuzkoako softbol liga irabazteko larunbatean Galtzarabordako kiroldegian. Izan ere, urtarrilean hasi zen ligaren finalak jokatuko dituzte, 14:45etik aurrera. Hiru arerio izango dituzte Errenteria-Oreretako neskek: Atletico San Sebastian, Orio eta Lazkao-Ordizia.
Liga bigarren tokian bukatu du Rentoksek Atletico San Sebastianen atzetik, baina Ana Cuesta Rentokseko entrenatzaileak azaldu duenez, aukera handiak dituzte, behin baino gehiagotan irabazi diotelako ligan, lehenengo tokian bukatu duen Atletico San Sebastiani.
Horrez gain, etxean jokatzen dutela kontuan hartu behar dela esan du Unai Unsuain Udal Kirol Patronatuko presidenteak, eta hori dela eta, herritarrei partida ikusi eta Rentoks animatzera joatera gonbidatu ditu.
Ricardo Garre Rentokseko kideak azaldu du nola jokatuko dituzten partidak: lehena, Atletico San Sebastian (1)-Rentoks (2) eta bigarrena, Lazkao-Orio. Gero, lehenengo partidako irabazleak bigarren partidako galtzailearekin jokatuko du, eta gainontzeko biek bestea. Partida gehien irabazi dituztenen artean jokatuko dute finala, eta gainontzekoek hirugarren postua izango dute jokoan. 17:30ean kalkulatu dute hasiko dela final handia.
Softbola beisbolaren egokitzapena da, eta ezaugarri berezi batzuekin jolasten da. Hala nola, pilota bigunagoa da eta lehiatzeko zelaia txikiagoa.