Asier Arregi (Eibar, 1974) Geobiotek enpresako arduradunak kutsadura elektromagnetikoaz hitz egingo du gaur arratsaldean, 17:00etan, Koldo Mitxelenea ikastetxeko Biteri eraikineko liburutegian. Ikastetxeak badaki zer den kutsadura elektromagnetikoa, bi telefonia antena baititu inguruan, eta hain zuzen, Geobiotek enpresak horien kutsadura maila aztertu du.
Zer dakigu gaur egun kutsadura elektromagnetikoaz?
Dakigun datu objektibo argiena zera da, batik bat, telekomunikazio sistemen garapenagatik azken urte hauetan bere hedadura milioika aldiz biderkatu dela. Pertsona askok berauen eraginagatik sintomatologia ezberdinak garatu dituztena ere agerikoa da. Ukaezina.
Gaiaren inguruan ez dago adostasunik. Zer esaten du komunitate zientifikoak?
Komunitate zientifikoak ez dauka adostasunik gai honen inguruan. Batzuk, egungo muga legalek babesik ez dutela bermatzen defendatzen dute, muga hauek baino askoz ere baxuagoak gomendatzen dituztelarik. Hauek eragin termikoez, gain uhin elektromagnetikoek beste eragin mota ezberdin asko daudela ziurtatzen dute. Besteek ordea, oso seguruak direla, eta uhinok osasunarengan eragin termikoak soilik daudela defendatzen dute.
Talka horren atzean zer dago? Antenak dituzten enpresen interesak daudela iritzi al diozu?
Diruaren bideari jarraituta posible izan liteke gai honen inguruan argibiderik lortzea. Gaiari buruzko ikerketa zientifikoak hartu eta ikertzeko dirua nondik atera den begiratzea ondo legoke. Bestalde, egungo legediaren onura OMErekin erlazioa daukan ICNIRP erakundeak bermatzen du. Erakundeko aurreko zuzendariak dimisioa aurkeztu beharra izan zuen; izan ere, OMErentzat lan egiten zuen bitartean lau telefono enpresa handirengatik urtean 150.000 dolar jasotzen zituela salatu zuten bere OMEko lankide batzuk.
ICNIRP aurreko zuzendariak dimisioa aurkeztu beharra izan zuen, OMErentzat lan egiten zuen bitartean lau telefono enpresa handirengatik urtean 150.000 dolar jasotzen zituela salatu zutelako”
Horrek zalantza ugari sortzen ditu herritarren artean? Zer sinistu behar dute?
Ezer sinistearen aurkakoa naiz. Norbera konturatzea onena, fisikoki edo informazioa aztertuta. Gaia pixka bat landuz gero zuhurtzia printzipioaren beharraz ohartzea normalena da. Orain dela gutxi zentzu honetan eginiko idazlan bikain bat irakurri dut sarean, Garikoitz Perurenak egindakoa:
www.euskalnatura.net-en.
Kasu horretan, zein da erakundeek hartu behar duten bidea?
Aldizkari zientifikoetan publikatutako artikulu eta ikerketak aintzat hartuta Zuhurtzia Printzipioa aurrera eramatea (ahal den gutxien hobeto), gizartea informatzea higiene elektromagnetikoaren inguruan eta babes mugak jaistea. Tekonologia berriekin elkarbizitzeko neurriak eta gomendioak argitzea.
Europako parlamentuak hainbat gomendio eman ditu arlo horretan? Zeintzuk dira punturik garrantzitsuenak?
- Eskura dauden neurri guztiak hartzea kutsadura elektromagnetikoa jaisteko bidean.
- Zuhurtzia printzipioaren aplikazioa (ALARA as low as reasonably achievable).
- Gaiari buruzko informazioa zabaltzea.
- Babes muga mailak milaka aldiz jaistea. Epe ertainerako eta epe luzerako baloreak zehazten dira.
- Elektrosentikorrak kontutan hartzea eta beraiendako kutsatu gabeko guneak egokitzea.
- Bereziki umeak babesteko neurriak hartzea, eskoletarako kabledun internet sistemak gomendatuz.
- Hirigintza plangintzatan kontutan izatea instalakuntza elektriko handien kokapena, tentsio altuko elektrizitatea, subestazioak, antenak eta abar.
Herrietan aplikatzen hasiak dira, eta Errenteria-Orereta da horren adibidetako bat. Orain zein pauso eman behar ditu udalak?
Lehendabizi, babes muga bezala agertzen direnak betearaztea, eta betetzen ez diren tokietako neurri zuzentzaileak bultzatzea eta laguntzea. Garrantzitsua izan daiteke baita ere, herritarrak informatzea, higiene elektromagnetikoaren kontzeptua zabalduz.
Garrantzitsua izan daiteke herritarrak informatzea, higiene elektromagnetikoaren kontzeptua zabalduz”
Zuek Koldo Mitxelena ikastetxearen inguruan egin diren antenen kutsadura maila aztertu duzue. Zein ondorioetara iritsi zarete?
Bi ikasgelatan Europar Batasuneko 1815 Ebazpenean epe motzera bete beharreko babes muga ez zen betetzen. Geletako zenbait puntutan 9.000 mikrowatt metro karratuko baloreetara iristen zen kutsadura maila, aipatu muga hori baino 9 aldiz gehiago eta epe ertainera bete beharreko baino 90 aldiz gehiago.
Horrek zein ondorio utzi ditzake? Eta zein neurri hartu behar dira hori murrizteko?
Egia esan, ez dakigu, gizakia orain ari da esperimentua egiten toki askotan batera, eta eraginak ikusten hasi dira. Horregatik Europar Batasunaren mugimendua.
Bioinititative-ko zientzialari taldearen (
www.bioninitative.org) ondorioei begiratzen badiegu…beldurtzekoa litzateke; baina beldurra beraren eragina ere oso handia izan daiteke eta ez dut uste beldurtzearen bidea jorratzeak merezi duenik.
Koldo Mitxelena eskolako kasuan bi gela horietako leihoak babestu ditugu beiratan jartzen diren film berezi batzuk erabiliz. Kanpoko antenaren eragina %90 inguru murriztea lortu da, esan behar ere, guztia guraso elkarteari esker izan dela.