475 zuhaitz aldatuko dituzte Sius lepoan
Ume bat, zuhaitz bat ekimenaren haritik, 475 zuhaitz aldatuko dituzte Ibarlako Sius lepoan datorren larunbatean. Tokia, gainera, berria da, orain arte beste tokietan egin baitute: San Martzialeko zelaiguneetan egin zen 2011. urtera arte eta iaz Erlaitz inguruan egin zen. Aurtengo ekimena 2012an Irunen jaiotako ume guztien gurasoei zuzenduta dago.
2004an hasi zen Irungo Udala Ume bat, zuhaitz bat ekimenarekin, eta aurten orain arteko zuhaitz kopuru handiena landatuko dutela nabarmendu dute. Hori horrela, zazpi txanda antolatu dituzte “arintasun handiagoa lortzeko”. Autobus zerbitzua jarriko dute txanda bakoitzerako, lehengo bixerako geralekuan, Ibarlako Sius Bizkarrera hurbiltzeko. Era berean, behar duten material guztia emango zaie landaketa egiteko eta ingurumeneko teknikarien laguntza izango dute. Ekitaldia bukatuta, ekitaldiaren omenezko diploma bat emango zaie gurasoei.
Trafiko mozketa
Zuhaitz landaketa 09:00etatik 13:00etara izango da eta tarte horretan Siuseko Toki-Alai ikastetxeko sarbidea itxita egongo da trafikorako.