Pasaiak PSE-EEk ez du begi onez ikusi
Donibanen atez atekoa ezartzeko erabakia. Horrekin, Amaia Agirregabiria alkateak “herritarrei bizkarra” eman diela uste dute sozialistek, eta “Bilduren presioei men egin” diela, “herriaren benetako beharrak” ez dituela kontuan hartu. Hala, PSE-EEren ustez, “Bilduren, eta ez Pasaiaren interesen arabera” hartu da atez atekoa jartzearen erabakia, “gure udalerriaren kudeaketa Gipuzkoa plazatik daramate”. Donibaneko atez atekoak, turismoari begira “irudi eskasa” emango duela uste dute sozialistek.
Atez atekoa finantzatzeko erabiliko den 2012ko diru soberakinaren gaineko hainbat gogoeta egin dituzte Pasaiako sozialistek. Hasteko, esan dute 2013ko aurrekontuetan ez zela atez atekoan inbertsioa egiteko dirurik gorde, eta horren gaineko galdera egin diote alkateari: “Duela hilabete ez zegoen dirurik, eta orain bai?”. Hartara, 2012ko kontuetako soberakina “erreala” ez dela esan du PSE-EEk, “2012ko abenduko aparteko ordainsaria ia osotasunean udal langileei ez ordaintzearen ondorioz dago soberakina, baita zerbitzuetan murrizketak egin direlako, edo hirigintza lanak egin ez direlako ere”.
Atez atekoa ezartzeko bideragarritasun txostena eskatuz “urtebete baino gehiago” daramatela ziurtatu du Pasaiako PSE-EEk, “baina alkatea mintzo den bideragarritasun txosten hori ez digu erakutsi nahi izan”.
Azkenik, Pasaian atez atekoa ezartzeko “Pasaiako Ezkerrako Xabier Pomboren ezinbesteko laguntza” gaitzetsi du PSE-EEk.