Martxoan eta apirilean Pasaiako itsas ondarearen gaineko jardunaldiak egingo dituzte, hilaren 14tik apirilaren 25era, hain zuzen. Horien barruko ekimen gehienak Pasaian izango dira, baina Donostian ere egingo dituzte batzuk. Hondotik hondora izena jarri diete jardunaldiei, eta udalerriko itsas ondareari balioa emateko antolatu dituzte, Pasaiako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. Goizean aurkeztu dituzte jarduerak Donostiako Koldo Mitxelenan bi erakunde horietako kultura arduradunek eta Ereiten enpresako arduradun. Behealdean dago jardunaldien egitaraua.
Aldundiko Kultura diputatu Garazi Lopez Etxezarretaren arabera, Pasaia biziberritzeko bidean itsas ondarea berreskuratzea, zaintzea eta zabaltzea ezinbesteko dira, “kultur arlotik ere ekin dakioke biziberritzeari”. Bide horretan, Ondartxon Albaolak kudeatzen duen Itsas Interpretazio Zentroa gune “ezinbestekoa” dela iritzi dio Lopez Etxezarretak, eta nabarmendu du bertan San Juan baleontzia eraikiko dutela, Donostia 2016 egitasmoaren barruan.
Udaleko Kultura zinegotzi Juanra Canok, bere aldetik, esan du itsas ondarea “benetako aberastasuna” dela, eta badia, portua eta itsasoa pasaitarren ezaugarri baino gehiago direla, “bizitzeko era bat dira, gure-gureak”. Hortaz, ondaren materiala eta ez materiala berreskuratzeko Pasaiako Udalak lan egingo duela ziurtatu du Canok.
David Zapirainek, egitarauaren xehetasunak emateaz gain, pasaitarren nortasunaren gaineko gogoeta egin du, eta esan du ondareak gizarte funtzio oso garrantzitsua betetzen duela, eta Pasaian ere hala dela.
Pasaiako Itsas Ondarearen Jardunaldiak, egitaraua
- Hilak 14, San Pedroko Udal Aretoan, 19:30ean, Michael Barkham Parks Canada erakundearen aholkulari eta kolaboratzaileak, nahiz Cambridgeko Unibertsitateko irakasleak, La ruta de Terranova: pesquerías vascas en Canada, siglo XVI hitzaldia emango du. Hurrengo egunean, hilaren 15ean, errepikatuko du hitzaldia Donostiako Koldo Mitxelenan, 19:30ean.
- Hilak 21, 19:30ean, Trintxerpeko alkateordetzan, Aurkene Alzuak Kultur ondarearen funtzio sozialak hitzaldia emango du.
- Apirileko lehenengo astean badian barrena bisita gidatuak egingo dira, 4ean euskaraz eta 5ean gaazteleraz. 11:00etan hasiko dira biak ala biak. Izena emateko 943 00 43 30ra deitu behar da.
- Apirilak 18, 19:30ean, Antxoko Kultur Etxean, Koldo Izagirrek Luzuriagako langileen gainean egin duen Luzuriaga: voz y vida obrera. Hogeita bost lekukotasun liburua aurkeztuko du, Sorginarri bildumako zazpigarrena. Apirilaren 19an Donostian aurkeztuko du lan hori.
- Apirilak 24, 19:30ena, Donibaneko Arizabalon, Iago Irixoak Pasaia-Bristol: harreman ezezaguna hitzaldia emango du.
- Apirilak 25, 19:30ean, Trintxerpeko alkateordetzan, Pasaia Atlantikoa: itsas ondarea Pasaiako badian liburua aurkeztuko du David Zapirain Karrikak, Sorginarri bildumako zortzigarrena.