Pasaiako EAJ: "Pasaitarrek garbi esan dute ez dutela atez atekorik nahi"
Pasaiako EAJk erantzun egin dio atzo udal gobernu taldeak hainbat herritarrekin egin zuen agerraldiaren mamiari, hau da, aurten atez atekoa Donibanen ezartzeko asmoari: “Pasaitarrek argi eta garbi esan dute ez dutela atez atekorik nahi”. Hala, Pasaiako biztanleak bosgarren edukiontziaren alde daudela nabarmendu du EAJk, eta horri 4.200 sinadurak eman ziotela babesa; hortaz, udal gobernu taldeari galdera egin dio: “Zein herritarri bada erantzun die Pasaiako gobernuak? ‘Euren’ herritarrei bakarrik. Zalantzarik ez dago”.
Bi gairen gaineko argia eskatu du, gainera, Pasaiako EAJk gobernu taldeari: lehena, Donibaneko atez atekoaren finantzazioaren gainekoa, eta bestea, Donibanek gune historikoa duenez, bertan atez atekoa ezartzeko hirigintza bideragarritasunari buruzkoa. Lehen gaiari buruz, atzoko agerraldian alkateak esan zuen 2012ko balantze ekonomikoa aldekoa izan delako, atez atekoa finantzatzeko dirua badagoela. Hori kritikatu du EAJk: “Iazko ekitalditik dirua sobera omen dago. Hainbat murrizketa jarri zituen martxan iaz Bilduk, esaterako, ludoteka zerbitzuan. Soberan izan duten diru hori murrizketa horiek altxatzeko erabili ordez, atez atekoa inposatzen gastatuko dute”. Aurten gobernu taldeak zergak igo dituela deitoratu du ere EAJk, “hurrengo urtean Pasaia osoan atez atekoa ezartzeko dirua soberan edukitzeko?”.
Atez atekoa San Pedroko eta Donibaneko gune historikoetan ezartzeko hirigintza bideragarritasunari buruz, EAJk esan du horren gaineko informazioa eskatzeko iaz eskaera bat egin ziola Hirigintza Sailari, “gaur egungo arau subsidiarioetan oinarrituta, eta egin beharko liratekeen aldaketak aztertuz”. Horren erantzunik jaso ez dutela esan du, EAJk eta berriz ere egin du eskaera.
Aldi berean, hartutako erabakia “Udalbatza osatzen dugunok prentsan jakitea” ez zaie ondo iruditu EAJko kideei: “Bilduk oposizioarekiko duen jarrera beste behin azaleratu da”.