Larunbatean Ostadar taldearekin berdindu zuen Hondarribia taldeak eta sailkapeneko zazpigarren postuan sendotzeko aukera galdu zuen. Postu horretan jarraitzen dute berdeek, baina atzetik datozen taldeek ere huts egin zutelako; Tolosak galdu zuen eta Touring eta Aloña Mendiren arteko partida berdinketarekin amaitu zen. Hori bai, atzetik Zarautz taldea hurbildu zaie besteei, 28 punturekin.
Larunbatean taldea ez zen eroso sentitu, Mikel Llorente entrenatzaileak onartu duen bezala: “Azkenaldian gauzak ez ditugu hain ondo egiten. Kosta egiten zaigu erasoko jokoa sortzea eta jokaldiak amaitzeko arazoak ditugu. Hori bai, inork ezin du esan jokalariek duten guztia zelaian uzten ez dutenik”.
Azken partidetan oso puntu gutxi pilatu ditu Hondarribiak, eta lehen itzulian lortutakoa galtzeko zorian dago. Lehen itzulian 29 puntu lortu zituen Hondarribiak —17 partidetan— eta bigarren itzuliko zortzi partidetan bost puntu besterik ez. Multzoko denekin behin jokatu eta gero zazpigarren postuan zeuden hondarribiarrek, orain bezala, baina aurrekoak oso gertu eta atzekoak urruti zituen. Orain, Hondarribiak aurretik Berio taldea du, seigarren postuan, baina dagoeneko zortzi puntura. Eta, atzekoei begiratuta, zortzi puntuko tarte horretan zortzi talde daude.
Datorren asteburuan beste aukera bat izango dute Llorenteren mutilek, sailkapeneko azkenaren kontra jokatuko baitute. Nolanahi ere, azkena egoteak ez du esan nahi aurkari erraza izango denik, Hondarribiak berak baino gol gehiago sartu baititu Ondarroako Aurrerak —27 berdeek eta 31 bizkaitarrek—.
Ohorezko Maila. Sailkapena
- 5.- Bergara. 42 puntu.
- 6.- Berio. 42 puntu.
- 7.- Hondarribia. 34 puntu.
- 8.- Tolosa. 34 puntu.
- 9.- Touring. 33 puntu.
- 10.- Aloña Mendi. 30 puntu (partida bat gutxiagorekin).
- 11.- Zarautz. 28 puntu.
- 12.- Ostadar. 27 puntu.