Pasaia Garbia taldeak hondakinak biltzeko atez ateko sistema ez duela nahi berretsi du, “garestia eta osasunaren kalterako delako”, eta 4.247 sinadura bildu zituztela gogorarazi du. “Badirudi udalerri honetan lehen eta bigarren klaseko herritarrak daudela. Zergatik jarriko dute Donibanen eta ez gainontzeko barrutietan? Boto gehien dituzten barrutia delako? Zergatik ez dira Trintxerpen jartzera ausartzen, adibidez, hainbesteko gehiengorik ez duten barrutian? Udalerrian bi sistema izango ditugu?”, galdetu du taldeak. Adierazpenok Donibanen atez ateko sistema jarriko dutela
ezagutarazi dutenean egin ditu Pasaia Garbiak, komunikabideei bidalitako ohar baten bidez.
Alkateak “azal lodia” edukitzea leporatu diote: “Herritarrek hala nahi dutelako jarri dutela esan du. Baina ze herritarrek, ordea? Gainera esan du nahiz eta uste dirua ez zegoela, urtea bukatzean zerbait ‘sobratu’ dela eta atez atekoan gastatuko dutela. Pasaian ez dago premiazko ezer konpontzeko? Ezin dute enplegua sustatu nolabait Gipuzkoako herri degradatuenean? Nahiago dute zakarra zintzilikatzeko posteetan xahutu dirua?”.
Bilduk “euren aldekoentzat” gobernatzen duela salatu du taldeak eta berdin pentsatzen ez dutenak “ahaztu” egiten dituela.
“Herri honetan turismoa baldin badago hori Donibanen da. Eta orain? Turistak zakar poltsez inguratuta izango ditugu plazan kontsumitzen eta dirua uzten duten bitartean?”, galdetu du.
Hainbat ekimen prestatuko dituztela adierazi du Pasaia Garbiak: “Oraingoz, pasaitarrak, eta bereziki sanjuandarrak, balkoietan zakar poltsak jartzera animatu nahi ditugu protesta moduan”.