Aroia Makuso eta Nestor Sagarzazu musikariek kontzertua emango dute ostiralean, 20:30ean, udaletxeko areto nagusian. Musikari profesionalak dira bi oiartzuarrak, eta piano eta biolontxelo emanaldia eskainiko dute.
Udalak iragarri duenez, bi zatiko kontzertua izango da. Lehen zatian, Makusok hiru pieza joko ditu pianoarekin: Tomas Garbizuren, Ludwig Van Beethovenen eta Franz Liszten piezak izango dira. Bigarren zatian, beste hiru joko ditu, baina Sagarzazuk biolontxeloarekin lagunduta: Jose Maria Usandizagarenak, Astor Piazzollarenak eta Zoltan Kodalyrenak izango dira pieza horiek.
Ibilbide arrakastatsua
Bi musikari oiartzuarrek, ibilbide arrakastatsua dute musikaren munduan. Etxean hasi ziren ikasten, baina egun Parisen bizi dira.
Makusok (Oiartzun, 1984) pianista eta ganbara-musika ikasketak egin ditu Donostiako Musikenen eta Parisko École Normale de Musique-n, Gipuzkoako Foru Aldundiaren beka bati esker. Orain, Genevako Haute École de Musique-n ari da ikasten. Donostia Hiria Saria edo Madrilgo Certamen Nacional de Interpretación Intercentros-en pianista onenaren saria jaso ditu, esaterako.
Sagarzazuk (Oiartzun, 1993) Donostian eta Irunen ikasi du, eta gaur egun Cachango CRD kontserbatorioan dago. Euskadiko Musikari Gazteen Lehiaketako ohorezko aipamena jaso zuen 2010ean.