Arramendiko balizko erabiltzaileak aurkitzeko galdeketa egingo dute
Errenteriako Udalak Arramendiko baratze parkearen erabiltzaileak zeintzuk izan daitezkeen jakiteko galdeketa edo sondeo bat egingo duela jakinarazi du Jose Manuel Ferradas Mendi eta Ingurumen zinegotziak. Partzela bat hartzeko interesa duenak hilaren 11tik 22ra izena eman beharko du erregistro batean. Hori Mendi eta Ingurumen Sailean (udaletxeko hirugarren solairuan) egin beharko da, eta eskatzen den baldintza bakarra Errenteria-Oreretan gutxienez urtebetez erroldatua egotea da.
Udalak zehaztu du azken hilabeteetan norbaitek izena eman badu ez dela beharrezkoa berriro ematea, baina departamenduarekin harremanetan jartzea gomendatu die 30 edo 60 metro koadroko baratzea nahi duten jakinarazteko. Horretarako, 943 44 96 03 telefono zenbakira deitu behar da.
Baratzeak Arramendiko eremuan egongo dira, eta 73 partzela ditu udalak: 90, 60 eta 30 metro koadrokoak. Esleipena zozketa bidez egingo da, eta horretarako, beharrezkoa da sortu den erregistro horretan izena ematea.
Araudia
Joan den otsailean onartu zuten baratze sozial eta ekologikoak esleitu eta kudeatzeko hasierako araudia. Bertan, hainbat neurri hartzen dira. Hala nola, Baratze Parkearen erabiltzeen betebehar nagusiena uzten zaion lur zatia behar bezala zaintzea eta mantentzea dela; instalazioak erabiltzerakoan besteekiko begirunea izan behar dela; nork bere burua hornitu beharko duela, alegia, lurrak emandakoa berak edo bere familia unitateak soilik kontsumitu ahal izango duela; eta ingurumenaren aldeko zenbait neurri hartu beharko dituztela, nekazaritza ekologikoa bermatuz.
Azkenik, Ferradasek jakinarazi du erabiltzaileek elkartea eratu eta kanon bat ordaindu eta fidantza bat jarri beharko dutela, baratzeen mantentze gastuak ordaintzeko. Kanona 30 metroko baratzea erabiltzeagatik 45 eurokoa izango da urtean, eta 60 metro koadroko baratzeagatik 90 eurokoa urtean. Fidantza, berriz, 100 eurokoa izango da. Esleipena behin betiko bukatzen denean itzuliko dute kopuru hori.