Hamabi-T enpresako ELA eta LAB sindikatuetako kideek elkarretaratzea egin dute gaur arratsaldean San Pedroko adinekoen egoitzaren aurrean. Pasaian, egoitza hori kudeatzen du Hamabi-Tk, baita etxez etxeko laguntza zerbitzua ere: bien artean, denera, 62 langile ditu Pasaian Hamabi-Tk. Batetik, zor zaizkien aparteko ordainsariak ordaintzeko eskatu dute langileek, eta bestetik enpresaren egoeraren gaineko azalpenak emateko eskatu diete Hamabi-Tko nagusiei, “sindikatu guztiei ez diete informazio hori eman. Martxoaren 15ean tokatzen zaie langileei beste aparteko ordainsari bat jasotzea, baina oraindik orain ez dakigu jasoko ote duten. Gainera, ohiko soldatak ordaintzeko zailtasunak izan ditu enpresak. Kezkatuta gaude enpresak oraindik horri ez diolako irtenbiderik eman”, esan dute langileek. Hala, langileek jakinarazi dute jakinarazi du bai Pasaiako nahiz Hondarribiko udalek —bertan ere kudeatzen du etxez etxeko zerbitzua Hamabi-Tk— enpresari egin beharreko ordainketa guztiak egin dizkiotela, “hortaz, ez dakigu zer gertatu den diru horrekin. Ulertzen dugu egoera zailean gaudela, baina jakin nahi dugu zer gertatzen ari den”.
Hala, langileek esan dute enpresan gehiengoa duen ESK-k bilera egin zuela hainbat langilerekin, enpresaren egoeraren berri emateko, “baina gu ez gintuzten bilera horretara joateko deitu. Ofizialki ez dakigu zer egingo duen enpreska, baina zurrumurrua da zatitu egingo dela enpresa, eta enpresa ezberdinen bidez aurrera eramango direla orain arte Hamabi-Tk zituen emakidak. Hala ere, ziur ezin dut ezer esan, batzordea ez dutelako deitu, eta batzorde horretan ordezkaritza duten sindikatu guztiei ez zaielako informazioa eman”. Langileek jakinarazi dute Pasaiako Udalarekin bildu zirela Hamabi-Tko ordezkariak, “eta bertan ordainketak egiteko proposamen bat prest zutela esan zieten udaleko kideei. Baina aste honetan langile talde batekin bildu dira enpresaren arduradunak, eta gurekin ez”.
Egun, Hondarribian ere ematen du etxez etxeko laguntza zerbitzua Hamabi-Tk, baina behin behinean. Izan ere, zerbitzu horren emakida lehiaketara atera dute, eta kudeatzaile berria zein izango den erabaki arte Hamabi-Trena da emakida.