Martxoaren 8aren harira, hamarnaka lagunek egin zuten bat Galtzarabordako Kiroldegitik 19:15ean abiatu zen eskualdeko manifestazioarekin. Errenteria-Oreretako bizilagunek hasitako martxarekin bat egin zuten bidean, Kiroga parean, Pasaiako eta Oiartzungo lagunek. Pasaiako zutabeak oinez egin zuen Errenteriarako bidea manifestazioarekin bat egiteko. Emakumeen borroka aldarrikatu zuen martxan, “gora borroka feminista”, “matxismoak hiltzen gaitu” edo “bankeroak lapurrak” bezalako leloak entzun ziren. Biteri kalea zeharkatzerakoan hain zuzen ere, bankariz jantzitako hainbat lagun zituen zain manifestazioak eta parodia eginda, aurrera jarraitu zuen martxak.
Zumardian egin zuten amaiera ekitaldia. Krisi ekonomikoa “banku eta ekonomia sistemak sortua” dela eta kapitala “lehenesten” duela salatzearekinbatera gobernuek urteetako borroken ondorioz lortutako ongizate estatuarekin akabatzen ari direla salatu zuten. Krisia “iruzur ekonomikoa” dela salatu zuten halaber eta pertsona guztiei ez diela berdin eragiten nabarmendu: ” Krisi honek lanaren sexu banaketan gehiago sakontzen du eta aukera berdintasun, zein justizia sozialean atzerapen izugarriak eragin ditu. Langabezi sarietan, giza zerbitzuetan, osasungintzan eta hezkuntzan ezarri dituzten murrizketek, langabezia eta lan malgutasun politikek, emakume asko miseriara kondenatu dituzte eta beste batzuk heriotzara, izan ere ez ditugu ahaztu nahi etxe kaleratzeek eragindako heriotzak”.
Horrenbestez, sistemaren “erabateko aldaketa” exijitu zuten, “ekonomiaren, jendarte eta politikaren goitik beherako eta behetik gorako berrantolaketa nahi dugu, bizia, justizia soziala eta pertsonen berdintasun aukeretan oinarritutakoa”. Eraldaketa horretan feminismoak “protagonismoa izatea” galdegin zuten, “iraultza, izatekotan, feminista izango delako”.