Hondarribiko udalak adierazpen instituzionala onartu du Emakumearen Egunarekin batera, EAJ, PSE-EE, PP eta H1 alderdien udal taldeen bozkekin. Honela dio hitzez hitz, gaur onartutako testuak:
Emakumeak udalerrian politika egiten. Herritartasun eskubidea
Emakumeek herritartasun mailan erdietsi dituzten lorpenak eztabaidaezinak dira. Mugimendu sufragistari esker, emakumeek gaur egun argia iruditzen zaiguna lortu zuten: bozkatzeko eta hautetsiak izateko eskubidea.
Hala ere, emakumeen parte-hartze politikoa ez da demokrazia ordezkatzailearen esparrura hautesle eta hautetsi gisa mugatu behar. Politika publikoetan eragiteko duen ahalmena ere kontuan hartu behar du, herritartasun aktiboaren bidez, demokrazia parte-hartzaileagoa eta genero berdintasunean oinarritutakoa eraikitzen laguntzeko.
Dena dela, berdintasunaren zeruertzak urrun jarraituko du, politikan, orokorrean, eta tokiko politikan, bereziki, gizonak nagusitzen diren bitartean. Emakumeen hautagai kopuruak gora egin duen arren (berdintasunezko legealdietan orain gutxi hartutako berdintasun-neurrien eraginez), Euskadiko alkateen %22 emakumezkoak dira eta %78, berriz, gizonezkoak; horrek argi erakusten du esparru horretan kristalezko sabaia dagoela. Antzekoa gertatzen da zinegotziekin: ez soilik emakumezko zinegotzien kopuruak ez duelako %40,6 gainditzen, baizik eta, horrez gain, garrantzi sinboliko txikiagoko eta aurrekontu murritzagoko sailak hartzen dituztelako euren gain.
Egoera horren aurrean, premiazkoa da emakumezkoen presentzia eta eragina areagotzea udal politikako esparru guztietan. Alderdi politikoen nahiz sindikatu, elkarte eta eragina duten bestelako sare edo espazioen bitartez. Baina ez da soilik irrikatzen dugun %50era heltzearen kontua; zifretatik harago joan behar dugu.
Beharrezkoa da tokiko politikan nagusi den eredua, gizonezkoen boterean eta lidergoan oinarritua, aztertu eta eztabaidatzea. Eredu politiko hori mantentzeak, gure gizartean herritarren erantzukizunen banaketa desorekatuarekin batera, oztopo handiak jartzen dizkie politikan sartu eta bertan aurrera egin nahi duten emakumezkoei eta, oro har, esparru publikoan parte hartu nahi duten emakumezkoei.
Horretarako, Hondarribiko Udalak zera bultzatuko du:
- Emakumezkoek herritartasun eskubidea osorik baliatzeko gainditu behar dituzten oztopo errealak aztertzea, etorkizunean berrikusteko.
- Emakumezkoentzako sareak eta espazio berriak sortzea, tokiko bizitzan duten parte-hartzea eta eragin-gaitasuna indartzeko estrategiak praktikan jartzeko.
- Lan bateratua egitea emakumeen eta feministen elkarteekin, emakumezkoek tokiko bizitza politikoan parte hartzea bultzatzeko.