Bihar eta etzi gazte eta eskolarteko mailetako Espainiako Borroka Txapelketa egingo dute Granadako Albalote herrian (Andaluzia, Espainia). Hondarribiko Ama Guadalupekoatik bost kirolari joango dira bertara, Daniel Palavecino kirol zuzendariarein batera. Amaia Curiel Gazte Mailan lehiatuko da eta, eskolartekoetan, Antxon Mitxelena, Antxon Lekaroz, Joel Herrador eta Aritz Garcia.
Aritz Sagarzazu, Euskadiko Txapelketan
Beste aldetik, igandean 21 urtez azpikoen Espainiako Txapelketarako sailkapen proba jokatuko da Iruñean, Iparraldeko Sektoreari dagokiona. Pisu bakoitzean lehen bi postuak lortzen dituztenek apirilean Madrilen jokatuko den Espainiako Txapelketan parte hartzeko aukera izango dute.
Aritz Sagarzazu eta Lidia Yarza borrokatuko dira bertan, mutilen -60 kiloetan eta nesken -78 kiloetan, hurrenez hurren. Biek ala biek, Estatuko Txapelketako txartelak lortzeko helburua dute. Hondarribiko kirolariak Ronaldo Veitia entrenatzailearekin bidaiatuko dute Nafarroako hiriburura.
Sei urre Durangon
Pasa den larunbatean, hilak 2, Durangoko Nazioarteko Judo Txapelketaren 4. ekitaldia izan zen. 7 eta 16 urte bitarteko 530 kirolarik parte hartu zuten bertan eta, haien artean, Hondarribiko Ama Guadalupekoa taldeko hainbat kirolari izan ziren. Guztira hamabi domina lortu zituzten herrikoek, sei urrezko, zilarrezko bi eta brontzezko lau.
Daniel Palavecino hondarribiarren entrenatzailea oso gustura geratu zen bere kirolarien jardunarekin: “Txapelketan zehar gure mutil eta neskek hainbat
ippon lortu zituzten, eta bide onetik goazela erakutsi ziguten, euren kirol bilakera ona dela. Beraiek disfrutatu zuten eta baita disfrutatu arazi ere. Hori da garrantzitsuena, judoa ilusioarekin praktikatzea, eta hala dabiltza”.
Hondarribiarrek Durangon lortutako dominak
- Urreak: Iokin Galarraga, Javier Estebas, Gonzalo Estebas, Gorka Aranbarri, Unai Bermejo eta Maialen Ramos.
- Zilarrak: Jon Pascual eta Ander Peña.
- Brontzeak: Gorka Sagarzazu, Leandro Veitia, Aitor Goikoetxea eta Gengi Kwan.
Lau garaipen Espainiako Ligan
Joan den larunbatean ere Espainiako Ligako bigarren jardunaldia jokatu zuten Villaviciosa de Odon herrian (Madril, Espainia) eta Ama Guadalupekoak bi talde eraman zituen: emakumeena eta 21 urtez azpikoena.
Gazteek bost borroketatik hiru irabazi zituzten eta emakumeek bakarra; hondarribiarrek hutsune bat zuten eta bost lehia beharrean lau besterik ez zituzten izan —bosgarrena galdutako bezala zenbatzen da—. Espainiako Ligako hurrengo jardunaldia apirilaren 13an izango da. Egun horretan bukatuko da liga.