Garazi Portugal eta Inexa Maritxalar Oiartzungo Emakume Taldeen barruan dagoen
Antiju Morik taldeko kideak dira. Bihar, Feministen Txokoa inauguratuko dute, eta ekimenaren nondik norakoak azaldu dituzte.
Feministen Txokoa zer da?
Garazi Portugal: Feministentzat erreferente izango den gune bat da.
Gune fisiko bat?
Portugal: Bai, hori da.
Non egongo da?
Portugal: Plazan, farmaziaren alboan, ezkerretan dagoen paretean.
Inexa Maritxalar: Plazan egongo da eta leiho bat izango da. Bertan jarriko ditugu guk egingo ditugun gauzak, berriak, herrian zehar gertatzen diren gauzak… Informazio gune bat izango da.
Maritxalrrek eta Portugalek, leiho hori non egongo den erakutsi dute. Arg.: N. Vega.
Nola funtzionatuko du?
Portugal: Printzipioz, Antiju Morik taldeak bultzatu dugun ekimen bat da, baina feminista guztientzat irekita dago, eta Oiartzungo Emakume Talde guztientzat. Denena da. Gaiarekin lotuta baldin badago behintzat, edozeinek erabil dezake leiho hori. Irekia izango da. Edozeinek zerbait nahi badu gehitu, aldatu, erantsi, aldarrikapen bat sartu, irakurketa bat… irekia egongo da. Hori da nabarmendu nahi duguna. Azken finean, betaurrekoak jartzen ditugu mundua beste modu batera ikusteko. Leiho hori ere mundua beste modu batera ikusteko izatea nahi dugu. Beste mundu batera irekitako leihoa.
Zergatik ikusi duzue halako gune baten beharra?
Portugal: Ez dagoelako. Uste genuen irakurtzeko toki bat behar zela. Albisteak-eta ditugunean, askotan aldarrikapenez betetzen ditugu paretak, baina aldarrikapenetatik harago zaila da jendea kaleteetan gelditzea. Orduan erabaki genuen leku finko bat izatea. Hala, jendeak jakingo du horra joan behar duela horren bila, edo pasatzen denean jakingo du izango duela zer irakurria…
Bihar inauguratuko duzue. Zer egingo duzue berezia?
Maritxalar: Feministak Plazara! ekimena jarriko dugu martxan, 17:30ean hasita. Bertsolariak egongo dira, abeslari bat ere ekarriko dugu… eta txoko feminista hori inauguratuko dugu. Lilatonean irabazitako lore sorta jarriko dugu bertan, adibidez. Azkenik, askari txiki bat egin eta gero, eskualdeko manisfestaziora abiatuko gara Orereta.
Portugal: 19:15ak aldera aterako da manifestazioa Galtzarabordako geltokitik.
Jendearen parte hartzea beharrezkoa izango da…
Portugal: Bihar, bai emakume eta bai gizon, feminista den edonor gonbidatuta dago parte hartzera. Baita martxoaren 8aren harira antolatutako
gainontzeko ekimenetan ere. Autodefentsa tailerrerako izen-ematea ere irekita dago. Sorgin tabernan eman daiteke izena, eta plazak mugatuak direnez, lehenbailehen apuntatzea gomendatzen dugu. Lekua dauka egun horretan edonork, azkenean denen jai bat delako. Feministak Plazara! izena ere horretara dator. Bada ordua kalera ateratzeko, elkar ezagutzeko eta harremanak egiten hasteko.