Langabeek nahiz hainbat enpresa batzordeetako kideek elkarretaratzea egin dute gaur, Errenteria-Oreretan, Oarsoaldeko Langabeen Batzarrak deituta. 40 bat lagun elkartu dira Herriko Plazan enplegua defendatzeko. Langileak “etengabeko erasoa” pairatzen ari direla esan dute, eta egoera “jasanezina” dela.
Zentzu horretan, bat egiteko deia egin dute eta hainbat enpresa batzordeetako kideen atxikimendua dagoeneko lortu dutela adierazi dute. Hala ere, “ahalik eta komite gehien eta ahalik eta gizartearen sektore gehien atxikimendua” biltzea dela asmoa jakinarazi dute.
Langabeen batzarraren arabera, enpresetan egiten ari diren borrokak “ez dira, ez dira izan behar borroka indibidualak”, eta hori dela eta, beharrezkotzat jo dute, “denek batera, bakoitza bere gatazka partikularretik, gatazka denak batera kalera ateratzea”.
Lehen mailako arazo sozial
Enplegua eta lan baldintzen kontrako erasoak lehen mailako arazo sozial bihurtu direla iritzi dio, “gizarte osoa ari direlako pobretzen eta miseriara kondenatzen”. Horrek “benetako egoera latzak” ekarri dituela esan du.
Gainera, horren kontra gobernuak “ezer ere” ez direla egiten ari esan du. Kontrakoa: “Gaurko egora aplikatzen ari diren politiken emaitza da, politika horiek patronalak agintzen dituen berberak direlako”.
Hala, Bilbon eta Iruñean larunbatean egingo diren manifestazioetan parte hartzera deitu dute. Bilbon Jesusen Bihotzatik aterako dira, 17:30ean, eta Iruñean, berriz, autobus geltokitik 18:00etan.
Horrez gain, atzo Bilbon kaleratze agindu bat jasotzear zegoela bere buruz beste egin gizona ere gogoratu dute protestan. “Sistema kapitalistak” erail duela adierazi dute. Horrekin lotuta, Oarso Taldeak etzi, giza katea egingo du, 18:00etan, Foru plazan, bankuen kontra.