Joan den asteartean elkarretaratzea egin zuen Errenteria-Oreretan ELA sindikatuak. Bertan, lan eta eskubide sozial duinak aldarrikatu zituen, eta era berean, hilaren 16an, 17:30ean, Bilbon egingo den manifestaziora joateko deia luzatu zien herritar guztiei.
ELAk egungo egoera salatu zuen, eta “235.000 lagun langabezian egotea” ez duela onartzen esan zuen. Gainera %46ak ez duela prestaziorik gogorarazi zuen. Horrez gain, erakundeek dirua ematerakoan bankuak lehenestea kritikatu zuen, “osasungintza, hezkuntza, gizarte zerbitzuak, kooperazioa edo berdintasunaren kaltetan”. Politika fiskalak ere “errenta altuen, enpresarien eta kapitalaren mesedetan egotea” salatu zuen.
Hainbat eskaera ere egin zituen sindikatuak: enplegu duina sortuko duten aurrekontu politikak; osasungintza, hezkuntza, gizarte zerbitzu, kooperazio edo berdintasunean egindako murrizketak bertan behera uztea; bidezko politika fiskala; eta lan harreman eta babes sozialerako euskal esparrua, besteak beste.