Urkiaga eta Belate bisitatuko dituzte Urdaburuko mendizaleek
Urdaburu mendizale elkarteak Kantauriko eta Mediterraneoko isurialdeen banalerroaren zortzigarren etapa egingo du hurrengo larunbatean, hilaren 16an. Nafarroa Beherean eta Nafarroa artean ibiliko dira, eta Urkiagatik Belateraino joango dira. Bidean, Artesiaga, Saioa eta Okolin mendietatik pasatuko dira. Guztira, bost ordu eta erdi ibiliko dira mendian barrena.
Ohi bezala, goizean goiz irtengo dira mendizaleak, eta 07:30ean hartuko dute autobusa, Zumardiko geltokian.
Izena emateko Urdaburu elkartetik pasatu beharko da bihar, asteartean edo hurrengo ostegunean. 19:00etatik 21:30era dago zabalik. Edonola ere, telefonoz ere egin daiteke erreserba, egun eta ordutegi berberean, 943 52 78 79 zenbakira deituta.