‘Trenak 150 urte Euskadin’ erakusketaren aurkezpena egin dute
Trenak 150 urte Euskadin erakusketak geldialdia egin du Irungo Amaia Kultur Zentroan. Irunera ere orain dela 150 urte iritsi zen eta hori horrela erakusketa hirira ekarri dute Trenbidearen Euskal Museoaren eskutik. Ofizialki gaur ilunabarrean (19:00etan) inauguratuko dute erakusketa, Ana Oregi Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako kontseilaria hor dela.
Erakusketa apirilaren 28a bitarte egongo da ikusgai, asteartetik larunbatera 18:0etatik 21:00etara eta igande eta jaiegunetan 11:30etik 13:30era. Jose Antonio Santano alkatearen hitzetan, “Irunentzat sekulako pribilegioa da erakusketa ibiltari hau hemen izatea. Erakusketan balio historiko handiko elementuak daude jasoak eta, horiei esker, bisitariek trena Euskal Herrira iristeak nolako garrantzia izan zuen jakin dezakete, eta edonon ikusi ezin daitezkeen materialak ikusi. Gainera, Irungo geltokiarekin lotutako elementu batzuk, hala nola, argazkiak eta planoak, berreskuratzeko modua izan da, eta seguru erakusketara etortzen diren irundarrak gozatu egingo dutela”.
Iruni buruzko edukiak
Erakusketak lurraldeari buruzko osotasunezko ikuspegia du eta Iruni buruzko eduki jakinak urrian erakutsiko dituzte. BAF7301 Bidasoko Trenaren Lagunen Elkartea dagoeneko erakusketa horretan lanean dabil. Hala ere, bi panel jarri dituzte eta panel horietan Norteko geltokia gogora ekartzen duten argazkiak eta informazioa daude. Horrez gain, bitrinetan Iruni buruzko hainbat pieza (museoko funtsarenak) ikus daiteke.