
Martxoaren 8ari begira, Errenteria-Orereta, Lezo, Oiartzun eta Pasaiako udalek mezu bateratu bat igorri dute, eta egun horretarako antolatu diren ekitaldiekin bat egiteaz gain, horietan parte hartzeko deia luzatu diete Oarsoaldeko biztanle guztiei. Ekitaldi nagusia, ostiralean egingo dute Errenteria-Oreretan: Emakumeen Eguneko eskualdeko manifestazioa. 19:15ean irtengo da Galtzarabordako kiroldegitik.
Gaur goizean agerraldia egin dute
Amaia Agirregabiria Pasaiako alkateak,
Ainhoa Zabalo Lezoko alkateak,
Garazi Lopez Etxezarreta Errenteriako Berdintasun zinegotziak eta
Irati Etxebeste Oiartzungo Euskara zinegotziak idatzia jakinarazi eta herri bakoitzean egingo diren ekitaldiak jakinarazteko. Agirregabiriak hartu du hitza guztien izenean.
Pasaiako alkateak lau udalen konpromisoa azaldu du emakumeen eskubideen alde egin eta berdintasun politikak aurrera eramateko. Berdintasun politikak aurrera eramateko ahalegina egiteaz gain, programak eta proiektuak aztertu, garatu eta ebaluatzerakoan genero ikuspegia kontuan hartuko dutela esan du. Azkenik, emakume elkarte eta mugimendu feministarekin elkarrizketa politikoa indartzeko eta indarkeria matxistaren kontra borrokan jarraitzeko konpromisoa agertu du.
Izan ere, frankismotik aurrerapausoak eman diren arren, oraindik ere, borrokan jarraitu behar dela azaldu dute lau udalek, “une honetan”, gainera, irabazitako zenbait eskubide galtzen ari direla iritzi baitiote, “behin eta berriro aplikatzen diren dekretu, erreforma eta gizarte murrizketen eraginez”.
Adibide gisa aipatu dituzte Espainiako Gobernuak aurrera eraman nahi duen abortuaren legearen erreforma eta mendekotasuna duten pertsonak zaintzeko laguntzetarako murrizketak, “lan horren karga berriro familien esku —eta horren barruan emakumeen esku— utziko duena”.
Eskualdeko manifestaziorako deia
Etzi ordua jarri dute Oiartzun nahiz Pasaian Errenteria-Oreretako manifestaziora joateko. Oiartzunen, 18:45ean bilduko dira plazan. Pasaian barrutika jarri dute ordua. Trintxerpe eta San Pedrokoak 18:15ean bilduko dira Trintxerpeko Gudarien plazan. Handik Antxora joango dira, eta 18:45ean Errenteria-Orereta alderantz joko dute.
Egitaraua