Langabeentzako doako euskara ikastaroetarako izena eman daiteke
Errenteria-Oreretako langabeek euskara doan ikasteko aukera izango dute, udalaren eta herriko euskaltegien (udal euskaltegia eta Xenpelar AEK) eskutik. Izena dagoeneko eman daiteke udal euskaltegian nahiz Xenpelar AEK-n, eta hilaren 15era arteko epea izango da horretarako. Ikastaroa apirilaren 8tik ekainaren 21era arte izango da.
Ikastaroa doan jasotzeko, hainbat baldintza bete beharko dira: batetik, Lanbidek ematen duen lan egoeraren ziurtagiria aurkeztea, eta behin izena emandakoan, ikasleek gutxienez, %85eko asistentzia bermatzea.
Aurretik ere martxan egon da esperientzia hori, eta ikasle nahiz irakasleek “bikain” baloratu dutela jakinarazi du Errenteriako Udalak.