Kadeteen euskal selekzioa zuzenduko du Daniel Palavecinok
Ama Guadalupekoa Judo taldeko kirol zuzendari eta entrenatzailea den Daniel Palavecino argentinarrak Euskadiko Kadete Mailako taldea zuzenduko du aurrerantzean. Palavecino duela hogei urte etorri zen Hondarribira eta, bere aginduetara, herriko harrobiak hazkunde handia izan du. Ama Guadalupekoako kirolariek Gazte Mailako Espainiako Liga irabazi zuten iaz eta dagoeneko dozenaka domina pilatu dituzte maila guztietan, lurraldeko, Euskadiko edota Espainiako txapelketetan, haurretatik hasi eta 23z azpikoetaraino.
Iaz Euskadiko Federazioak Palavecino saritu zuen, bere alaba Maider eta Xabier Eizagirre judokekin batera. 2010ean Txekian egin zen kadeteen Europako Txapelketan dominak lortu zituzten bi hondarribiarrek, ordurarte EAEko judokek inoiz lortu gabekoa. Eizagirrek zilarra lortu zuen, eta Palavecinok brontzea, txapeldun geratuko zenarekin finalerdietan galdu eta gero.