“Pertsonei motibatzeko erremintak” eman nahi dizkie Oiartzunen sortu berria den
Elkar Hazi taldeak. Taldekideen iritziz, jendarteko sentimendu nagusiak motibazio falta eta tristura dira, eta horri buelta eman nahi diote. Horretarako, hainbat ekimen antolatuko dituzte. Baina aurretik, herritarrei taldea eta zer egin nahi duten aurkeztuko diete. Hilaren 23an, antzerki bat emango dute udaletxeko areto nagusian, 18:30ean: “Guk ikusten dugun errealitatearen isla izango da, jendea egoeraz ohartarazi nahi dugu”.
Hori eginda, hurrengo urratsa izango da hitzaldiak, tailerrak, jolasak, solasaldiak… antolatzea eta hala nahi duten herritarrekin lan egitea, bizitza modu optimistagoan ikusteko eta norbera ondo egon dadin, “tresna propioekin eta modu iraunkorrean”. Finean, pertsonei helarazi nahi diete “ezin dugula kexatzen bakarrik egon, soluzioak bilatu behar dira”.
Horixe dio euren burua definitzeko aukeratu duten esaldiak: “Norbaitek esaten badizu ez zarela gai zerbait egiteko, ondorengoa esaiozu: ‘Itxaron eta ikusi zein ondo egiten dudan’”. Bide horretan, “ongietorriak izango dira herritar guztiak”.