Susperregik seigarrenez hartuko du Errenteriako Txakurkrosa proba datorren igandean. Unai Unsuain Udal Kirol Patronatuko presidenteak eta Patxi Azpiazu Txakurkrosa Oarsoaldean taldeko ordezkariak eman dituzte probaren gaineko nondik norakoak gaur eguerdian egin duten agerraldian. Susperregitik 11:00etan abiatuta Malbazarrera igo eta Igelaren putzua igarota, Susperregira itzuliko dira parte hartzaileak. Pinuditik gora egin beharko dute ondoren, eta Malbazarreko borda igaro. Ibilbidea bitan egin beharko dute parte hartzaileek 6,3 kilometroko ibilbidea osatzeko.
Igandeko proba Gipuzkoako Ligarako puntuagarria izango dela azaldu du Azpiazuk: “Gipuzkoako Ligaren barruan sei proba egiten dira, Errenteriako bosgarrena izango da eta seigarrena berriz Oiartzunen egingo da”.
Izena emateko epea zabalik dagoela gaineratu du bestalde Txakurkrosa Orasoaldean taldeko ordezkariak, eta interesdunek
herrikrossa.com orrialdean izena eman dezakete. Federatuek 15 euro ordaindu beharko dituzte eta ez federatuek berriz, 18 euro. Egun berean izena emateko aukera ere izango dute interesdunek. Azken horiek dortsalak banatzeko egokituko den mahaian, Susperregin bertan egin beharko dute 10:00etatik aurrera. Egunean bertan 18 euro ordaindu beharko dituzte federatuek eta 20 federatu ez direnek.
Aparkalekuak
Proba dela eta, bidea Susperregira heldu aurretik moztuta izango dela nabarmendu dute bestalde gaurko agerraldian. Autoetan bertaratzen direnek beraz goiko aparkalekuan autoa uztea izango dute, baino hura betetzen denean Listorreta aldean aparkatu beharko dituzte autoak. Horren harira, ingurua parke naturala dela kontuan hartzeko eskatu diete Susperregira inguratuko direnei.
Haurrentzat proba
Txikienentzat ere antolatu dute proba aurten, “beraien kasuan joku modura planteatu dugu eta beraien kasuan ibilbidea 100 metrokoa izango da”, zehaztu du Azpiazuk. parte hartzea erabakitzen duten haurrek, heldu batek lagunduta egin beharko dute gainera ibilbidea eta
arroskenea[abildua]telefonica.net helbidera mezua bidali beharko dute izena emateko.