Errenteriako EAJk 'Egunkaria'-ren aldeko mozioa aurkeztu du
Otsailaren 20an 10 urte bete ziren Euskaldunon Egunkaria itxi zutenetik, eta horren haritik, Errenteriako EAJk mozio bat aurkeztu du. Gertakari horrek “adierazpen askatasuna urratu” zuela adierazi du EAJk, eta “euskara nahiz euskal kulturaren aurkako operazioa” izan zela. Horrez gain, eragindako kalteak ezin direla konpondu esan du, baina gertatutakoa ezin dela ahaztu, eta “lanean” jarraitu behar dela halakorik “berriro gerta ez dadin”.
2010ean bost auzipetuak absolbitu zituzten arren, oraindik auzi ekonomikoa martxan dago, eta zentzu horretan, auzia bertan behera uzteko eskatu du EAJk. Era berean, Espainiako Auzitegi Nazionalari eragindako kalteak konpontzeko “neurriak” hartzeko eskatu dio. Horrez gain, “itxiera salatu eta egindako lana eta langileak goraipatzeko, bereziki, Xabier Oleaga errenteriarra” herrian ekitaldi bat egitea proposatu du EAJk.