Asier Arregi Geobitek enpresako kideak kutsadura elektromagnetikoari buruzko zenbait azalpen emango ditu hurrengo asteazkenean, hilak 13, Koldo Mitxelena ikastetxean. Alde batetik, frekuentzia elektromagnetikoek osasunari kalte egiten dioten ala ez argituko du, eta zehazki, haurrengan eraginik baduen. Horrez gain, honako galderak ere erantzungo ditu: “Teknologia horiek instalatzerako garaian jarraitzen al da osasun babes protokoloren bat? zer dio legeak? eta zer diote adituek?”.
Gaia kokatzeaz gain, higiene elektromagnetikoaren gaineko hainbat azalpen ere emango ditu. Alegia, bakoitzak bere kontu zer egin dezakeen kutsadura elektromagnetikoaren eraginak murrizteko. Esate baterako, gauean, etxean dagoen wifi sistema itzaltzea.
Arregi Koldo Mitxelenaren inguruan dauden telefonia antenen kutsadura elektromagnetikoa neurtu duen enpresako kidea da. Enpresa horren azterketaren ondoren, kutsadura hori murrizteko zenbait neurri hartu dituzte ikastetxean. Europako gomendioaren azpitik dago orain maila.
Hitzaldia, 17:00etan hasiko da Koldo Mitxelenako Biteri eraikineko liburutegian. Tokia murritza denez, parte hartzea jakinarazi beharko da bi bide hauetako bat erabiliz: emailez
izapi_kmitx[a bildua]yahoo.es edo telefonoz 619 35 42 21 (Amaia). Dagoeneko gurasoei hitzaldiaren gaineko ohar bat helarazi diete.