Emakumeen eskubideak "une honetan atzera" egiten ari direla dio Errenteriako Udalak
Emakumeen Egunerako hiru egun falta direla, Errenteriako Udalak horrekin zerikusia daukan adierazpen instituzionala atera du. Emakumeen borroka are eta garrantzitsuagoa dela esan du orain “behin eta berriro” aplikatzen diren dekretu, erreforma eta gizarte murrizketek “irabazitako eskubideen zuzeneko galera” ekarri dutela iritzi baitio. Hala, emakumeen eskubideei dagokienez, “une honetan atzera” egiten ari direla iritzi dio, “erabakitzeko gaitasunik gabe eta bizimodu prekario batera kondenatuta”.
Horren adibidetzat eman ditu Espainiako Gobernuak aurrera eraman nahi duen abortuaren legearen erreforma eta mendekotasuna duten pertsonak zaintzeko laguntzetarako murrizketak, “lan horren karga berriro familien esku —eta horren barruan emakumeen esku— utziko duena”.
Hala, 1908an aldarrikatutako errebindikazioak 2013an ere “indarrean” jarraitzen dutela adierazi du udalak, eta “lanean” jarraitu behar dela “era askotara zapaltzen eta menderatzen gaituen sistema kapitalista eta patriarkala errotik aldatzeko”.
Udalak, bere eskutik, bere konpromisoa mantendu du berdintasun politiketan. Genero ikuspegia kontuan hartuko duela esan du “programak eta proiektuak aztertu, garatu eta ebaluatzerakoan”, emakume elkarte eta mugimendu feministarekin elkarrizketa politikoa indartuko duela eta indarkeria matxistaren kontra borrokan jarraituko duela.
“Emakumea, eragile”
Borroka feministaren bidez, “mundu berri bat” sortu nahi dutela esan du, emakumeek euren “bizitzaren eta gorputzaren jabe” izango direna, “bizimodu duina” izango dutena, eta euren “orain ekonomiko eta soziala” eraikiko dutena. Zentzu horretan, andreak “subjektu politiko eta etorkizun politikoaren zuzeneko eragile” izango direla aldarrikatu du.
Horrez gain, Emakumearen Egunaren harira antolatu diren ekimen guztietan parte hartzera gonbidatu dituzte herritar guztiak.