Oarsoaldeko Langabeen Batzarrak elkarretaratzera deitu ditu herritarrak, etzi, 12:30ean, Herriko Plazan. Era berean, manifestu bat atera du langabeziaren egoera salatu eta enplegu duina aldarrikatzeko. Langileak “etengabe erasotuak” izaten ari direla esan du, eta horren adibidetzat eman ditu lan erregulazio espedienteak, enpresen itxiera, deslokalizazioak, lanegun luzeagotan soldata txikiagoak… Horrez gain, pribatizazioak ere salatu ditu, “enplegua hondatzeaz gain, zerbitzu oinarrizkoenak arriskuan jartzen baitituzte”.
Enpleguari eta lan baldintzei eginiko erasoak “lehen mailakoak” direla iritzi dio, eta “gizarte guztiaren kontra” ari direla, “gizarte osoa baita pobrezia eta miseriara eramaten ari direna”. Gobernuak, gainera, enpleguaren alde ez direla “ezer ere” egiten ari adierazi du. Areago, lan erreforma “lana suntsitu eta oraindik eta prekarioago” bihurtzea dela esan du: “Kaleratzera jotzen dute enplegua banatu beharrean, eta horretarako bideak ere badira”.
Egoera horretan, langabeak eta zenbait enpresetako langileak elkartu direla jakinarazi du, “borrokak ez baitira indibidualak izan behar”. Langileak egoera berberak bizitzen ari direla azaldu du “geroz eta enpresa gehiagotan”, eta zentzu horretan, beharrezkotzat jo du denak batera gatazka horiek kalera ateratzea.
Manifestuarekin bat egin duten enpresak