
Ekitaldiz beteko da hilabete honetan Mikelazulo kultur elkartea. Hilabete osoan zehar astero izango dira ekintzak, eta horietan nabarmenetakoa hilaren 17koa (igandea) izango da: egun horretan, Mikelazulo unibertsitate bihurtuko da. Egun osoko mintegia egingo dute ekologiaren gainean, Jorge Riechman soziologo eta ekologistaren eskutik. “Ekologia, kontsumoa eta norberaren bizitza modeloari buruzko auto gogoeta” izango dira landuko dituzten gaiak. Egun osoko ekitaldia izango denez, bazkaria ere egingo dute, 15 euroren truke. Begetarianoa izango da. Bertan parte hartzeko elkartetik pasatu beharko da.
Hurrengo egitarau indartsua, berriz, urtero izaten den zita bat izango da:
Lupa dokumentalen mostra. Hilaren 27tik 31ra egingo dute kultur elkartean. Ostegunarekin hasiko dira proiekzioak Mikelazulon. Azken egunean, berriz, Donostiako Guardetxera (Urgull mendian) pasatuko dira dokumentalak.
Iñigo Muguruzaren kontzertua
Ekitaldiak, ordea, ostiral honetan bertan hasiko dira. Iñigo Muguruzak
Lurra azken lanaren kontzertu akustikoa emango du, 20:00etatik aurrera. Karlos Zubikoa, Ane Garcia eta Ander Larrañagarekin batera sortu du proiektu hori.
Hurrengo egunean, berriz, larunbatarekin, Ttak antzerki taldeak
Ta oain ze? antzezlana aurkeztuko du, 19:00etan hasita. Iaz, Eztena antzerki topaketetan lan horren lagina erakutsi zuten, baina, orain erabat bukatuta erakutsiko dute.
Hilaren 13an (asteartea) natura izango dute hizpide, Lurraren jakinduria izenburua duen hitzaldi batean. Bertan, Patxi Pastain Leitzako baserritar eta artzainak (80 urte ditu) eta Maxi Broncano (65 urte ditu) Artikutzako zaintzaileak parte hartuko dute euren esperientziei buruz hitz egiteko.
Hilaren 15ean, berriz, udaberriaren etorrera gainean dela, haurrentzako tailer bat egingo dute. Izena ematea beharrezkoa izango da. Horretarako, Mikelazulotik bertatik pasatu beharko da.