Lurraldeko Ohorezko Mailan jokatzen duen Hondarribia futbol taldeak berdinketa lortu zuen larunbatean Azpeitian, Lagun Onak taldearen kontra (0-0). Hondarribiarrek partida erdia baino gehiago hamarrekin jokatu zuten, baina, jokalari bat gutxiagorekin ere etxeko taldea baino gehiago izan ziren eta hiru puntuak etxera ekartzea merezi izan zuten. Nolanahi ere, markagailua ez zen mugitu, eta berdinketarekin konformatu behar izan zuten Mikel Llorentek zuzentzen dituen mutilek.
Berdeen entrenatzailea pozik azaldu da bere jokalarien lanarekin eta denboraldia hasieran taldeak egiten zuen jokoa berreskuratzeko esperantza agertu du. “Pixkanaka-pixkanaka azken hilabetean galdu dugun izaera berreskuratzen ari gara eta geroz eta hobeto entrenatzen gabiltza. Denboraldi bukaera ona egingo dugula uste dut eta ziur laster garaipenak lortuko ditugula”, esan du Llorentek.
Larunbateko berdinketaren ondoren hondarribiarrek postu bat galdu dute sailkapenean, Tolosak Trintxerpen garaipena lortu zuelako. Zortzigarren dira orain, 33 punturekin. Larunbatean etxean jokatuko du Hondarribiak, sailkapeneko hamabigarren postuan dagoen Ostadarren kontra. Irabaziz gero zazpigaren postua berreskuratzeko aukera izan lezake, Tolosa Oiartzun liderrarekin lehiatuko baita.
Sailkapena
- 6. Bergara. 41 puntu.
- 7. Tolosa. 34 puntu.
- 8. Hondarribia. 33 puntu.
- 9. Touring. 32 puntu.
- 10. Aloña Mendi. 29 puntu.
- 11. Urola. 26 puntu.