Pasaian dago betirako 'Nabarra' bouaren oroitzapena
Matxitxakoko batailaren 76. urteurrenaren harira —bihar da—, ekitaldia egin zuten atzo eguerdian San Pedroko Nabarra Boua plaza berrian. Euzko Gudontzidiko bou horretako pasaitarrek tarte berezia izan zuten ekitaldian, Enrique Moreno ontziaren komandantearen eta Francisco Fernandez bataila horretan Nabarra-n hil zuten lehen marinelaren senideek babesa jaso, eta testigantza eman zutelako, askatasunaren alde eta faxismoaren kontra borrokatu zuten gudarien oinordekoen testigantza, hain zuzen. Joseba Tapiak girotu zuen ekitaldia, eta besteak beste, Cecil Day Lewisen The Nabarra olerkiaren irakurketa publikoa egin zuten hamarnaka boluntariok. Matxitxako elkarteko eta udaleko ordezkariek ere hitzaldiak eman zituzten, eta hainbat erakunderen izenean ordezkariak izan ziren bertan. Denera, Nabarra bouko 29 gudari hil ziren bataila hartan.