Mugi txartelari buruzko informazio puntua jarriko dute Oiartzunen
Mugi txartelaren gaineko “informazioa zabaltzeko eta zalantzak argitzeko”, mahai informatiboa egongo da ostegunean (hilaren 7an) goizez eta arratsaldez Killirikupean. Informazio puntuaren ordutegia hau izango da: 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 18:00etara.
Mugi sistema Lurraldebus txartela (Xorrola herri barruko autobusa ere sartzen da txartel horretan), EuskoTren sarea eta DonostiBus bateratuko dituen txartel bakarra da. Gipuzkoako Foru Aldundia izan da Mugiren sustatzailea, “garraio publikoaren erabiltzaile gipuzkoarrei eskaintzen zaien zerbitzua hobetzeko”. Bertako langileak izango dira informazio puntuan zalantzak argitzen ariko direnak.