Lider postua kendu dio Oiartzunek Hernaniri
Sekulako partida jokatu zuten Ohorezko Erregional Mailako Hernanik eta Oiartzunek larunbatean. Taularen goialdeko bi taldeek, partida polita eskaini zieten Karla Lekuonan bildu zirenei.
Hasieran, Hernani gogotsu atera zen zelaira, eta erritmoa markatu nahi izan zuen. Oiartzungo taldeari, martxa hartzea kostatu bazitzaion ere, Hernaniren erasoak geldiarazi zituen, arazo handiegirik gabe. 28. minutuan hasi zen partida irabazten etxeko taldea: Eñaut Fernandezek lehen gola sartu zuen penalti baten ondoren. Ordutik aurrera, Hernani kontrarioen atea zulatzen ahalegindu zen, baina Oiartzun partidan sartuta zegoen, eta bere jokoa erakusteari ekin zion.
Atsedenaren ondoren, oiartzuarrek lehen zatian hartutako martxarekin jarraitu zuten, eta Hernani saiatu arren, ez zuen lortu etxekoen bultzada geldiaraztea. Azkenean, oiartzuarrek beste bi gol sartu zituzten (Ander Garmendiak eta Ibai Lekuona hasiberriak).
3-0 emaitzarekin, taularen lehen postua kendu diote oiartzuarrek Hernaniri, eta gainera 2 puntu ateratzen dizkiote.