Errenteriako emakume elkarteek borrokan jarraitzera deitu dute
Emakumearen Egunaren harira, Errenteria-Oreretako emakume elkarteek adierazpen bat atera dute, eta bertan, emakumeei borrokan jarraitzeko deia egin diete “jatorriz sexista den lur honetan”. Errealitateak, gainera, andreak bigarren maila batera baztertuta” daudela erakusten duela esan dute: “Egin dezagun zerbait hori aldatu, irauli, dena hankaz gora jarri, desegin eta berritik hasteko”.
Emakume elkarteen arabera, “jaiotzetik modu batean sentitu eta jarduteko gisan” prestatzen dituzte emakumeak, eta euren erabaki garrantzitsuenak “matrimonioa eta haurrak izatera” bideratzen dituztela gaineratu dute.
Sexuari “etiketa” bat jartzen zaiola adierazi dute, “sentitzeko modu bat, emozioak bizi eta adierazteko modu bat, portatzeko eredu bat”. Horren atzean, emakumeak “homogeneizatu” nahi dituen agindu bat dagoela iritzi diote, eta molde horiek desegitea “zaila” dela.
Emakume taldeek azaldu dute gaur egun emakume langile gehienak “lan jardunaldi bikoitza” egin behar izaten dutela, “etxean eta kanpoan jarduten dutelako”.
Era berean, gogoan izan dituzte “bizia kendu, ametsak zokoratu eta hegoak moztu dizkieten emakume guztiak”, eta horren kontra “gogor” egin behar dela berretsi dute.