Olaldeko etxebizitza tasatuak lortzeko eskaera epea irekiko dute astelehenean berriz
Altzibarko Olalde eremuko etxebizitza tasatuak eskuratzeko “lehentasuna oiartzuarrek izan dezaten”, udalak martxoaren 4tik 25a bitartean berriz ere hauetako bat eskuratzeko interesa duten oiartzuarrek izena emateko epea irekiko du Etxebizitza Bulegoan.
Horretarako, baldintzak berritu ditu udalak, tasatutako etxebizitza eskuratu dezaketen oiartzuarren kopurua handitzeko. Hauek dira baldintza berriak: Olalde eremuko babes ofizialeko etxebizitzen eskatzaileek tasatua ere eskatu ahal izango dute (gutuna bidaliko zaie aukeraren berri emanez), 2011ko errenta aitorpena hartuko da kontuan (orain arte 2010ekoa aurkeztu behar zen) eta 2013ko urtarrilaren 1a baino lehen Oiartzunen erroldatuak zeudenek ere etxebizitza tasatuen eskaera egin ahal izango dute.
Olalden tasatutako etxebizitza eskuratzeko itxaron zerrenda agortu da etxebizitza guztiak esleitu gabe. Hori dela eta, eskatzaileen zerrenda berriz irekiko da. Etxebizitza Bulegoa Fermiñene etxeko beheko solairuan dago. Astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 19:00etara dago irekita.
Baldintza hauek betetzen dituzten oiartzuarrekin etxebizitza tasatu guztiak esleituko ez balira, zuzenean Oarsoaldeko eta Bidasoako (Errenteria, Lezo, Pasaia, Hondarribia eta Irun) eskatzaileei emango zaie aukera hauetako bat lortzeko.