Geroz eta gazte lokal gehiago ikusten dira herrian, eta bizilagun batzuen artean hainbat kexa ere entzun dira horien eraginez. Udalak auzoetako bileretan entzun ahal izan ditu kexa horiek, eta horrenbestez, gazte lokalak arautzeko erabakia hartu du. Hori gazteekin eta gainontzeko bizilagunekin martxan jarri nahi duen prozesu parte hartzaile baten bidez eraman nahi du aurrera, Unai Unsuain Gazteria zinegotziak jakinarazi duenez.
Unsuainek argi eta garbi utzi du ordenantza horren helburua ez dela lokalak ixtea, baizik eta daudenak erregistratu, horietan segurtasuna bermatu eta gazte eta herritarren arteko elkarbizitza sustatzea. Gazteen eta bizilagunen arteko “oreka” aurkitu nahi dutela gaineratu du.
Hiru saio
Horretarako, hiru saio egingo dituztela azaldu du zinegotziak, alderdi guztiekin batu eta guztien iritziak bilduta ordenantza egiteko. Lehenengo saioan gazteekin biltzea da asmoa. Bertan, prozesua bera azalduko diete. Susana Martinez Aztikerreko koordinatzaileak jakinarazi duenez, lehenengo saio horretan herriko lokalen mapa osatuko dute. Hurrengo saioetan, berriz, gainontzeko nerabe, guraso eta herritarrekin bilduko dira. Bilkura irekiak izango dira.
Oro har, lokalen fenomenoaren berri emango dute; lokalen erabilera erregulatzeko gutxieneko batzuk ezarri; ordutegia, segurtasuna eta antzekoak kontuan hartuko dituen araudi bat osatu; eta lokalen mapa bat egin.
Martinezek gogorarazi du araudiaren bidez, ez dutela irabazle edo galtzailerik egotea, baizik eta denen arteko elkarbizitza lortzea. Zenbait arazo sortu dituzten arren, lokalek gazteen zenbait behar asetzen dituztela, eta beste modu batera ase ezin dituztenez, “modu pribatura” jo behar izan dutela horretarako.
Luisma Diez Hirigintza zinegotziaren arabera, bizilagunek kexak legegintzaldia hasi zutenean auzoetan egin zituzten bileretan jaso zituzten. Hala ere, batik bat segurtasuna bermatu nahi dutela zehaztu du, suak, elektrizitateak eta kapazitateak sor ditzaketen arazoak saihesteko.
Gazteek parte hartzearen garrantzia nabarmendu dute, eta deialdia zabaltzeko ikastetxeetan diptikoak banatuko dizkietela. Horrez gain, detektatuta dituzten lokaletan ere banatuko dituzte gonbidapenak. Esku horiek ere, herriko zenbait tokitan eskuratu ahal izango dira: udaletxean, liburutegian, kiroldegian… Kartelak ere jarriko dituzte herrian zehar.
Saioak
- 1. saioa: martxoaren 15ean, 17:00etatik 20:00etara, Torrekuan. Erabiltzaile gazteak eta gazte eragileak deitu dituzte.
- 2. saioa: apirilaren 19an, 17:00etatik 20:00etara, Torrekuan. Erabiltzaile gazteak, adin txikiko erabiltzaileen gurasoak, bizilagunak, lokalen jabeak, udal arduradunak eta gainontzeko herritarrak deitu dituzte.
- 3. saioa: maiatzaren 3an, 17:00etatik 20:00etara, Torrekuan. Erabiltzaile gazteak, adin txikiko erabiltzaileen gurasoak, bizilagunak, lokalen jabeak, udal arduradunak eta gainontzeko herritarrak deitu dituzte.