Ander Lizarralde "Ustel usaina"
Ez dakit Mayek esaten zutena, abenduaren 21ean munduan garai aldaketa bat gertatuko zela, gertatzen hasi den, baina nik beti egonkorrak izan diren estamentu guztiak kolokan ikusten ditut. Gobernua, eliza, monarkia, politika orokorrean, ekonomia sistema…
Politikaren egoeran jarri nahi nuke begirada. Barcenas kasuak hamaika gauza jarri berri ditu argitan. Espainiako klase politikoaren maila agerian geratu da azken aldian. Sistematikoki ordaintzen ziren diru beltzek, agerian utzi dute, batzuk politika lanbide bezala hartua zutela, eta lapurreta helburu.
Sekula sektore pribatuan lan egin ez duen ministro gehiegi dago. Lanaren balioa zein den ez dakitenak eta sekula jakingo ez dutenak. Irabazten duzun diruak zenbat balio duen ez dakizunean, lapurtzen duzunak ere, beste balio bat izaten du, fiktizioa.
Ematen dituzten azalpenenek ere, argi erakusten dute, lotsa baino inteligentzia gutxiago daukatela. Hauek pentsatuko dute gorbata baten atzetik esaten den guztia errespetagarria dela, eta herritar xumea inpresionatu eta konbentzitzen duela.
Kazetariena, asko sumintzen nauen gaia da. Beraiei komeni zaienean, tontoarena egiten dakien jende inteligente asko azaltzen ari da azken aldian. Kazetari eskuindarrek, korrupzioaren gaiari zuzendutakoan, gaiari lotutako hari-mutur ahul eta sustantzia gabeei heltzen diete: Ana Mato gaixoak bere gizona zertan ari zen ez zekiela, edo Mariano Rajoyk ez zekiela bere diruzaina zertan ari zen hogei urtean… Beraiek ere, esaten dituztenean, sinisten ez dituztenak. Hala ere, pertsonak gauza bat gaizki egiten duenean, ideologia erabiltzen omen du hori jantzi eta justifikatu ahal izateko. Hauen kasuan, ordea, beste bat da arrazoia, soldata. Gehien ordaintzen duenaren alde egiten duen jendea gorroto dut, baina batez ere, jendea engainatzea axola ez zaienean. Hitzaren mertzenarioak baino ez dira.
Oraindik ere, zerbait galtzeko beldurra dugulako ez dugu jokatzen beldurrik gabe, baina nik, haize berria nabari dut, herria altxatzen ari da injustiziaren kontra. Ideia eta pertsona zintzoen garaia hasi dela uste dut.