Aitziber Lekuona: "Liliput"
Badator! Hemen da! Ez, ez naiz zirkuaz ari. Edo agian bai? Egia esan, gero eta ahulagoa bihurtzen ari da ikuskizuna eta errealitatea banatzen dituen murrua, Berlinen gertatu bezala hau ere erori dela esango balidate arazorik gabe sinetsiko nuke. Zergatik bestela hainbeste pailazo albistegietan? Krisiak kolpatu ez duen lanbide bakarra izango da pailazoarena; seguruenik horregatik hartuko zuten Txirri, Mirri eta Txiribitonek erretiroa momentu honetan, eguna joan eguna etorri gero eta jende gehiagok erakusten duelako profesio honekiko bokazioa.
Gure egunerokotasunetik ateratzen gaituzten magoak ere ez zaizkigu falta. Aitortu beharra dago, gainera, gero eta trikimailu hobeak egiten dituztela. Egia da aldaketa txiki batzuk egin dizkiotela bertsio tradizionalari, orain ikuslearen belarriaren atzetik dolar bat atera ordez, milaka euro desagerraraztean datza trukuak. Emaitza, hala ere, berdina da: denak aho zabalik! Badira artista gehiago ere: Bostwana-ko elefanteak menperatzen dituztenak, burua lehoi alemaniarretan sartzen dutenak… Bai, ikuskizuna eta errealitatea banatzen dituen murruak eroria behar du dagoeneko.
Baina artikulu honetan beste gertakari bat iragartzea zen nire asmoa: Kutxabank hemen da! Eta hau ere bere ikuskizun eta truku propioekin datorrela aurreratu behar dut: erraldoia eta ipotxa. Hala ere, onartuko dizuet truku hau ez dela nire gustukoena, ikusgarritik gutxi baitu. Erraldoiak ipotxari zapi bat jarri dio begietan, tapoiak belarrietan, eta iseka egiten dio bizkarretik. Ez, ez dut gustuko, gehiegikeriaren usaina hartzen baitiot.
Horrela sentitzen dira Ibermaticako langileak, orain arte Kutxarako lan egin duen enpresakoak, erraldoiaren aurrean indargabe, txiki, ezdeus… Guliber sentitzen dira Liliputen. Erraldoiek bilera sekretua egina dute suaren ondoan eta erabakia dute, dagoeneko, ipotxen etorkizuna. Hauek, baina, ez dakite jan egingo dituzten ala ez; susmatzen hasiak badira ere, bazkari garrantzitsu bat antolatzen ari direla eta beraiek ez dutela gonbidatuaren papera beteko.
238 lanpostu galtzeko zorian. Ibermatica isilik. Hiru bankuek beren sistema informatikoa bateratuko duten eguna gainean da, aste pare bat baino ez da falta. Langileek informazioa eskatzen dute, bateraketa prozesuaren nondik norakoak ezagutzea eta langileriarekin gertatuko denaren inguruan hitz egitea. Mobilizazioak ere hasiak dituzte, protestak Kutxak Garibay kalean duen eraikinaren aurrean, Ibaetan, Bilbon. Greba ere egin dute. Erraldoiek, baina, entzungor jarraitzen dute. Behin haietako bat hurbildu zen ipotxengana eta, gezurren artean, protestak alde batera uzteko eskatu zien, horrelako ekintzek beren buruei kalte baino egiten ez zietela esanaz. Txikiak bezain tuntunak zirelakoan edo.
Bitartean zurrumurruak iristen doaz, eta ez da goxoa haizeak dakarrena. Ibermaticak Kutxarako lan egiten jarraituko omen du ordainetan Bizkaiko langileak hartzen baditu. Izan ere, eta informazio ofizialik ezean esamesetan oinarrituz, badirudi Informatica De Euskadi Bizkaiko enpresa izango dela mantenu informatikoaz arduratuko dena, kasualitatez enpresa honek dituen bi bazkideetako bat BBK bera izanik. Bateratze prozesuaz hitz egiten da, baina esango nuke, betiere zurrumurruei tiraka, hiru erraldoietako batek besteek baino altuera handiagoa duela.
Ibermatikako langileek, Kutxak aldarrikatzen duen gizarte ekintza eskatzen diote erraldoiari; nik, soldata bat ingresatzen uzteagatik hipoteka ez igotzea.