Gobernu taldeak lan istripuak ez gertatzeko prebentzio neurriak hartzeko eskatu du
Pasaiako udal gobernu taldeak Francisco Jose Pereira Vareiro pasaitarraren senide, lagun eta lankideei “atsekabea eta elkartasuna” adierazi nahi izan die bidalitako ohar baten bidez. Pereira Vareiro asteartean hil zen itsasoan, Bordelen (Frantzia), lan istripu baten ondorioz. Horren aurrean, garrantzitsutzat jo du prebentzio eta lan harremanen eredu berri bat lantzea, “lan-osasuna, eta lan duin eta ziurra oinarri izanda”. Hori horrela, enpresei prebentzio neurriak “bete eta betearazi” dezaten eskatu die, horrelako gertakariak berriro gerta ez daitezen.
Gobernu taldeak arrantzaren sektoreak duen garrantzia nabarmendu du: “Etorkizuna duen sektorea, zalantzarik gabe, baina horretarako sektorea eraberritu behar da, lan-baldintzak eta lan-segurtasuna bermatuz eta inbertsioak eginez. Gezurra dirudi XXI. mendean horrelakoak gertatzea”.
Hamahiru langile
Urtea hasi zenetik hamahiru langile hil dira Euskal Herrian. Pasaiako gobernu taldeak dei egin die herritarrei datozen egunetan egingo diren salaketa eta elkartasun mobilizazioetan parte har dezaten.