Atzoko udalbatzarrean
2013ko aurrekontu proposamena aurrera atera zuen gobernu taldeak. Orotara, 18,9 milioiko aurrekontu proposamena landu zuen Bilduk, baina atzo Pasaiako Ezkerrarekin adostutako ekarpenekin, nahiz udal gobernuak proposatutako beste zenbait aldaketekin, zifra horrek aldaketak izango ditu, ez oso nabarmenak baina. Kontuak onartzeko Pasaiako Ezkerrarekin egindako akordioa baliatu zuen Bilduk, eta PSE-EEren, EAJren nahiz PPren osoko emendakinek nahiz partzialek ez zuten lortu gobernu taldearen proposamena bertan behera uztea. Zatikako emendakinak ere aurkeztu zituzten PSE-EEk nahiz PPk, baita udal gobernu taldeak ere —aurrekontu proposamena osatzeko emendakinak izan ziren Bildurenak—. Plenoa hasi aurretik jakina zen Bilduk eta Pasaiako Ezkerrak akordioa egina zutela aurrekontu proposamena onartzeko. Hala ere, legealdi osoan gertatzen ari den moduan, oposizioaren eta gobernu taldearen arteko haustura beste behin azaleratu zen atzoko udalbatzarrean.
Izan ere, Amaia Agirregabiria alkateak, aurrekontuen oinarria zein den azaltzerakoan, nabarmendu zuen hiru ardatz nagusi dituela tresna horrek: gizarte ekintza, euskara eta parte hartzea. Eta gainera, kontuen zuhurtasuna eta lehentasunen ezartzea nabarmendu zituen, “harro gaude landu dugun proposamenarekin, eta harro gaude ere akordioetara iristeko izan dugun gaitasunarekin”. Gainera, esan zuen 2012an Gipuzkoako Herri Administraziorako Foru Funtsari itzuli beharrekoa espero zena baino gutxiago izango dela —500.000 euro itzultzea espero zuen gobernu taldeak, eta 300.000era jaitsi da kopuru hori—. Oihane Oronoz Bilduren bozeramaileak berretsi zuen lehentasunak ezarri dituztela aurrekontua osatzerakoan, eta estrategikoak diren gaiei eman dietela garrantzia. Jose Luis Sanz Ogasun zinegotziak gehitu zuen udalak zeharka kudeatzen dituen erakundeek —Pasaia Musikal, Udal Euskaltegia eta San Pedroko zaharren egoitza—, soberakin positiboarekin bukatu zutela 2012a, eta udalaren beraren soberakina ere zenbaki urdinetan neurtuko dela, aldeko milioi bat eurorekin: “Ekintzak eta ez hitzak. Hori izan da gure lana aurrekontuak osatzerakoan. Lan handia egin dugu kontuak osatzeko, zuhurra eta sakona”.
Oposizioaren iritzia
PSE-EEko kideek aurrekontuen gaineko hitz gogorrak izan zituzten bere osoko zuzenketa defendatzerako garaian. Bixen Itxasoren arabera, politikoentzako bideratutako partida gutxitzea “umiliagarria” da, “politikoen lana ez du aitortzen”. Hala, esan zuen partida hori herriko jaietara bideratutakoaren laurdena dela, edo herritarren parte hartzerako aurreikusitakoaren erdia. Izaskun Gomezek esan zuen aurrekontuek ez dituztela landu diru sarrera gehiago lortzeko bideak, “gizarte izaerarik ez dute”, eta ekonomia suspertzeko aukerarik ez dutela ematen: “Aurrekontuek ez dute inolako zorroztasunik. Zerga bidezko diru sarreren igoera gehiegizkoa da, eta disziplinarik gabekoa. Gainera, aurrekontua koadratzeko kreditua eskatuko duzue. Gai al da Pasaia horri aurre egiteko?”. Hala ere, Gomez pozik agertu zuen udal gobernuak ez duelako erabili zaharren etxearen soberakina aurrekontuak osatzeko.
EAJko bozeramaile Nahikari Oterminak udal kontu-hartzaileak aurrekontuen gainean egindako txostenak esandakoak erabili zituen batik bat udal gobernuaren kontu proposamenaren kontra egiteko, bere osoko zuzenketaren berri emateko txandan. Hala, kontuen “gabeziak” konpontzeko prest agertu zen Otermin, “baina aurrekontuen proposamena orekatua izan balitz bakarrik. Baina hori egitea ez da gure lana, gobernu taldearena baizik. Beldurra ematen digu aurrekontu hauek aurrera eramatea”. Hala, Oterminek esan zuen osoko zuzenketa bakarrik aurkeztu ziotela proposamenari, “partzialak aurkeztuz gero horiek aurrera eramateko konpromisoa behar delako, eta guk ez dugu kontu hauen parte izan nahi”.
PPko David Hernandezek kritikatu zuen 2012koa baino altuagoa izatea 2013ko aurrekontu proposamena. “Beste alderdiek emandako argudioak berresteaz gain, nabarmendu nahiko nuke ekonomia sustatzeko bideak ez direla kontuan hartu aurrekontuetan. Langabeziarekin ezikusiarena ere egiten dute kontuek; badirudi Mariano Raxoiren gobernuarekin konfiantza handia dagoela langabeziarekin bukatzeko…”.
Pasaiako Ezkerrako Xabier Pombok Bildurekin lortutako akordioa defendatu zuen bere hizketaldian. Pozik agertu zen hainbat ekarpen bere egin zituelako gobernu taldeak, baina abstentziora zergatik joango zen azaldu zuen: “Ez dira gure aurrekontuak. Udalbiltzaren gaineko partidarekin ez gaude ados, eta publikotasuna eta pribatutasunaren gaineko gogoeta egin behar da oraindik. Baina aldeak alde, akordioa positiboa da pasaitarrentzat”.
Talde bakoitzak bere txanda izanda, zuzenketa horien bozketen garaia iritsi zen. PSE-EEren, EAJren eta PPren osoko zuzenketak ez ziren aurrera atera, oposizioko hiru alderdiek elkarri botoa eman ziotelako (denen artean zortzi boto), eta Bilduk nahiz Pasaiako Ezkerrak kontra egin zutelako (bederatzi boto). Ondoren, emendakin partzialen txanda iritsi zen; gobernu taldeak azken orduan aurkeztutakoak aurrera atera ziren alkatearen kalitate botoagatik, eta PSE-EEren zazpiak atzera bota zituzten, PPrena bezala.
Hortaz, aurrekontuari egindako eta onartutako emendakinak kontuan izanda, aurrekontu proposamen osoaren bozketaren unea iritsi zen. Bitan egin zuten bozketa, PSE-EEk, EAJk eta PPk kontra egiteko eta Bilduk alde egiteko erabakia hartu zutelako, eta Pasaiako Ezkerrak abstentziora jo zuelako, hau da, zortzinako berdinketa izan zen bietan, baina alkatearen kalitate botoak erabaki zuen beste behin bozketa. Hortaz, Pasaiak baditu 2013rako aurrekontuak.